GARA > Idatzia > Pilota

Oronozkoak hobetzen jarraitzen du

Esperantzarako hilabetea borobildu du Mikel Goñik

Jokatutako bederatzi partidetatik zazpi irabazi ditu Oronozko aurrelariak, azken laurak jarraian

p045_f02_148x108.jpg

EUGI-LASKURAIN 17

GOÑI II-LASA III 22

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Bihar beteko da hilabete, Eibarko sanjoanetan Mikel Goñi Asperekin berragertu zela eta balantzerako ona izaten den halako epe batean esperantzari lehio zabal bat ireki dio Oronozko aurrelariak. Izan ere, urtetan zehar landutako mito eta legenda beltzak atzean uzteko prest itzuli da eta, momentuz, ezer gutxi gehiago eska dakioke. Atzoko Zarauzko estelarra jokatutako bederatzigarren partida izan zen eta zenbakiak alde ditu Mikel Goñik, estreinakoan Eugi eta Laskurainen aurka eta Iruñean Arretxe eta Zearraren aurka baino ez baitu galdu.

Baina zenbaki hotzez harago, emandako itxura eta sentsazioak ere positiboak izan dira oso. Fisikoki asko hobetu du -berak hiru kilo kendu behar dituela esan zuen atzo-, kantxan serio jokatzen du eta horrek atzokoa bezalako partida zailak aurrera ateratzeko modua ematen dio. Eskuina ere piskanaka berreskuratzen ari da -atzo ezkerrean arazoak izan zituela esan zuen eta, pazientziaz eta lanaz, txapelketaren batean jokatzeko bidean dela erakutsi zuen, nahiz eta halakoetan pentsatzen hastea kaltegarria izan daitekeen berarentzat.

Boladaka jokatutako partida gogorrean, hamazazpinako berdinketa-tanto luze eta nahasian Eugik zabalera botatako pilota bat euren alde bota eta gero, azken bost tantoak urdinek lortu zituzten erreskadan eta Mikel Goñik laugarren partida irabazi zuen jarraian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo