KANPOTIK
Errealitatea eta fikzioa
Gaizka LASA
(Karpin-Galicia)
Atzo bazkalondoko telebista emanaldian errealitatea eta fikzioa ikusi ahal izan genituen saio zoragarri batean. Tourreko Pirinioetako bigarren jardunaldian gertatu zen. Lasterketa honen errealitate gogorra txirrindulari gehienen aurpegietan eta pedal kolpe baldarrean nabaritu genuen. Haimarrek Vinokouroven aurrean azaldutako sufrimenduan, Juanma Garateren etsipenean, Astarlozaren joan-etorrian edo Patxi Vilaren nekean. Guztietan txirrindularitzaren errealitatea azaldu zitzaigun. Bukaera aldean, ordea, kilometro asko egin eta mendate ugari igo eta gero, fikzioaren garaia iritsi zen. Izan ere, jada printze gaztetik baino erregetik gehiago duen Contadorrek aspaldi ikusi ez genituen erasoak jo zituen. Gustatuko litzaioke kirolari askori, atseden nahi beste hartu eta gero madrildarrak atzo erakutsi zuen bizitasun hori izatea.
Ikaragarria. Eta ikara, hain zuzen, Rasmussen liderrak izango du barru-barruraino sartua orain. Bera ere fikziotik ez dabil aparte, baina atzo asko estutu zuen bere aurkari nagusiak. Beste gainontzeko guztiak baino dexente gehiago direla argi utzi zuten bi eskalatzaileek, zein baino zein finagoa, baina indarrez beteta dabiltzanek.
Contadorren erasoak bortitzak izan ziren, esprint luzeak, abiadura handian aldapan gora izateko. Bizikleta gainean jarri eta dantzatzen hasten zen. Arin-arina baino erritmo biziagoan, gainera. Besteak gertutik jarraitzen zion. Biak intentsitate maximoko serieak egiten. Esan bezala, aspaldi ikusi gabe genuen ikuskizuna izan zen. Eta ia-ia film bat fikzioa denean egia ez dela jakin arren, gozatzen dugun modura gozatu genuen. Izan ere, txirrindularitzan jardun garenok ere, edo hobeto esanda, guk batez ere, badakigu atzo bi horiena ia-ia fikzioa izan zela. Gainontzekoena, neurri desberdinetan, errealitatea.