AMATEUR GARA txapelketak
Amador gainditu du Ferrari uruguaitarrak Euskaldunen
Lizarte taldekoak hainbat hilabate eman ditu lider, baina Azpirukoak buelta eman dio sailkapenari
Unai IRARAGORRI | BILBO
Baiona-Iruñea klasikoa irabazita, Azpiru-Ugarte taldeko Fabricio Ferrari Euskaldun Txapelketako lider jarri da, eta Andrey Amadorren (Lizarte) nagusitasuna eten du. Lehendakari eta Hasiberrien txapelketetan lasterketak jokatu diren arren, Jonathan Castroviejok (Seguros Bilbao) eta Beñat Urainek (Debabarrena) lehendabiziko postuari eutsi diote.
Hainbat hilabete eman ditu Amadorrek Euskaldun probaren buruan, eta sekulako aldea izan du. Pixkanaka, Azpiru taldekoak alde hori murrizten hasi ziren, eta Bizkaiko Biratik aurrera Ferrarik xedea lortu du. Igandean, Baiona-Iruñea lasterketa irabazi zuen txirrindulari uruguaitarrak, eta txapelketako lider jarri da; bi puntu ditu alde, hain zuzen ere.
Bestetik, 19 eta 20 urtekoek bi lasterketa izan dituzte. Larunbatean, Izagirre Sopelan nagusitu zen, eta atzo, Ermuan, Morak (Würth ) irabazi zuen. Edonola ere, Castroviejo (Seguros Bilbao) da liderra. Hasiberriei dagokienez, Urainek eta Minguezek puntuak batu dituzte, eta lehiari eusten diote.
Seguros Bilbao taldeak beste garaipen bat erdietsi zuen asteburuan; Palaciosek, hain zuzen. Amurrioko txirrindulariak gora egin du azken asteetan, eta Galiziako Etorkizuneko Espainiako Kopan gailendu zen. Egoitz Garciak istripu bat izan zuen ostegunean. Auto batek jo zuen eta Galdakaoko ospitalean eman zuen arratsaldea. Dena den, etxera itzuli zen, ez baitu ezer larririk. Bi belaunetan mina du eta ziur asko bihurdura eskumuturrean.
Aste honetan, hiru lasterketa jokatuko dituzte: bihar, Astigarragako erlojupekoa izango da, eta larunbatean eta igandean 23 urtez azpikoak Larrabetzun eta Ondarroan lehiatuko dira, hurrenez hurren.