Reala 2007-2008ko denboraldia
Bere hitzez damututa dagoela esan du Diego Rivasek
Erdilariaren esanetan, berak esandakoak ez ziren behar bezala neurtu. Goizeko lan saioan, bestalde, Skouboren lesioaren hobekuntza eta Beobide gaztearen presentzia albiste izan ziren.
DONOSTIA
Beste egun batez, Diego Rivas izan zen atzo Realeko protagonista. Erdilariak aurreko astean egin zituen adierazpenen ondorioz sortutako polemikagatik, entrenatu gabe gelditu zen larunbatean. Hori dela-eta prentsaurrekoan azaldu zen atzo Ciudad Realekoa.
Haren hitzetan, aurreko astean esandakoaz damu zen. «Hitz haiek esan nituenean nire asmoa ez zen inori minik ematea, horregatik, barkamana eskatzen diet minduta sentitu diren guztiei», adierazi zuen. Jokalariak berak atzo azaldutakoaren arabera, Colemanek eman zion larunbatean etxean gelditzeko agindua. Bere esanetan, «entrenatzaileak eguna libre» eman zion.
Prentsaurrekoan aurreko asteko hitzez damututa ote zegoen galdetu ziotenenan, Rivasek baietz esan zuen: «Damututa nago, noski; baina nire hitzak behar bezala neurtu ez zirela uste dut». Horrez gain, lanean jarraitzeko gogoekin azaldu zen Rivas: «Nik betidanik esan dut hona lanera eta postua irabaztera etorri naizela».
Skoubo, taldekideekin
Kirol arloari dagokionez, pozgarria izan zen Morten Skoubo gainerako taldekideekin entrenamendu osoa egiten ikustea. Danimarkarrak euripean egindako bi orduko lan saioan parte hartu zuen. Bertan egindako partidatxoan jokatu zuen, eta lesioa sendatzeko bidean dagoela erakutsi zuen.
Beste alde batetik, Jagoba Beobide Sanseko erdilaria talde nagusiarekin batera aritu zen atzoko entrenamendu saioan lanean.