GARA > Idatzia > Pilota

Pilota Berezkoak

Bielle-k hasiera ezin hobea eman dio mailarik gorenari

Arrosako aurrelariak, Etxeto atzean lagun duela, Txilhar Torneoa bereganatu du

Jon LEUNDA | KANBO

Thierry Etxetok garaipenak pilatzen jarraitzen du, eta oraingoan Txilhar lehiaketa irabazi du Bielle lagun duela. Meritu handiko garaipena da; izan ere, aurrean Bielle gaztea izan baitzuen. Horrek profesionaletara pasatu zenetik bigarren torneoa zuen, eta txapela jantzi du.

Izan ere, Biellek denbora gutxi darama profesionalekin jokatzen, baina jadanik bi torneo jokatu ditu, eta bietan izan da finaletan, nahiz eta bakarra irabazi duen.

Herenegun erabat bete zen Kanboko trinketa finala ikusteko asmoarekin, eta Biellek eta Etxetok 40 eta 37 irabazi zieten Larretxeari eta Kurutxariri, oren bat eta 20 minutu pilotan aritu ostean.

Partida estua izan zen, baina txapeldunak 10-5 aitzinatu ziren, eta hortik aurrera alde horri eutsi zioten. Bost kintzeko aldearekin joan ziren, eta alderik handiena zazpi tantokoa izan zen, 37-30. Bazirudien norgehiagoka erabakita zegoela, baina ez zen horrela izan.

Larretxeak eta Kurutxarik erreakzionatzen jakin zuten, eta 7-0eko partziala lortu zuten. Horiek hala, norgehiagoka adostu zuten (37-37). Ordura arte, dirua irabazleen alde zegoen, baina berdinketa horrek apustuaren zaleak urduri jarri zituen.

Larretxeak eta Kurutxarik azken txanpa horretan egin zuten lanaren ordaina jaso zuten, eta Biellek eta Etxetok ez zuten barkatu. Finala amaitzeko falta zitzaizkien azkeneko hiru kintzeak erreskadan egin zituzten, eta txapela jantzi zuten.

Etxetok partida handia egin zuen, eta gaur egun sasoirik onena duela erakutsi zuen, baina Billeren lana ere nabarmendu beharko da. Arrosako aurrelariak lan bikaina egin zuen, eta garbi utzi zuen hemendik aitzinera bera ere oso kontuan hartu beharko dela. Larretxea eta Kurutxari ere maila onean aritu ziren.

Orain, pilotariek Baionako Masterrera bitarte ez dute torneorik izango, abuztuaren lehen egunera bitarte, baina gaur, 18.0oetan, Donapaleun, Saint Jayme trinketean partida oso erakargarria izango da; izan ere, Nafarroa Behereko trinket hori erabat berritu dute, eta gaur zabalduko ditu berriro ere ateak.

Waltari eta Etxeto, Binakako txapeldunak, Xalaren eta Ezkurra II.aren aurka neurtuko dira. Partida horrek sekulako ikusmina piztu du.

Thierry Etxeto da udako pilotaririk onena

Thierry Etxeto bihurtu da udako pilotaririk onena. Egia esan, joan den udaberritik oso indartsu dator. Banakoan finalerdia jokatu zuen, eta Binakoan txapela irabazi zuen. Hortik aitzinera jokatu dituen lehiaketarik gehienak irabazi ditu, eta askotan aurrelari ezberdinak izan ditu lagun. Azkenekoa Txilhar Torneoa izan da, eta hor Bielle gaztea izan du bikotekide. Profesionaletara pasatu berria izan arren, ongi lagundu dio Thierriry, eta atzelari lapurtarrak ez du barkatu; hala, beste lehiaketa bat irabazteko balio izan dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo