Harri-zulatzea Euskal Liga
Jaizubiak txapela gero eta gertuago dauka
J.L. | DONOSTIA
Jaizubiak gero eta gertuago dauka Euskal Herriko Liga. Seigarren jardunaldia Santurtzin jokatu dute, eta Hondarribiko taldeak aurkariei aldea gehitzeko erabili du.
Gipuzkoarrak jaun eta jabe izan dira, eta 16 zulo eta 8,5 zentimetro egin dituzte. Bigarren, Trapagaran sailkatu da 14 zulo pasa eginda, eta Galdames izan da hirugarren amaitu duen taldea.
Sailkapen nagusiari begira jarrita, Jaizubiak alde nabarmena kentzen die aurkariei. 59 puntu pilatzen ditu, eta hamabi puntuko aldea ateratzen dio Galdamesi. Hamahirukoa kentzen dio, berriz, Txoriherriri.
Goiherri
Sokatiran, berriz, Goiherrik ia eskuratu du 560 kiloko Euskal Herrikoa. Bigarren jardunaldian irabazi egin zuen, eta bigarren Goiherri B sailkatu zen. Atzetik geratu ziren Gaztediko bi taldeak. Goiherrik datorren asteburuan jantziko du txapela.