GARA > Idatzia > Kultura

Gamere-Zihigako pastoralak Eñaut Elizagarai omenduko du

Uztailaren 29an eta abuztuaren 5ean, Gamereko eta Zihigako biztanleek Armendaritzeko Eñaut Elizagarai itsas ingeniaria omenduko dute. Errege frantsesaren Armadaren itsasontzien diseinuak Luis XIV.aren itsas ingeniarien buru izatera bultzatu zuen. Junes Casenave da aurtengo pastoralaren idazlea, eta harentzat «ohorea» izan da Elizagarai omentzea.

p048_f01.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Urteroko gisan, badator aurten ere Zuberoako antzerki kantatua. Aurtengo pastorala lurralde horretako bi herriren artean iraganen da. Gamereko eta Zihigako biztanleei egokitu zaie pastorala prestatzea, eta bi herri auzokide horiek Nafarroa Behereko seme bat omentzea erabaki dute. Pastoralaren bitartez, Eñaut Elizagarai Armendaritzen sortua omenduko dute, hain zuzen ere. Elizagarai Luis XIV.aren garaikidea da, eta Eguzki erregearen itsas ingeniarien burua izandakoa da.

Aurtengo testua, iazkoa bezala, Junes Casenave hainbat pastoral idatzi dituen idazle zuberotarrak ondu du. Filip Petit pastoraleko jokalariak Casenave hautatzearen zergatia azaldu digu: «Junes Gamereko eta Zihigako apaiza da, eta guretzat ez zegoen duda izpirik ere hark idatziko zuela gure pastorala».

Aktoreak eta pastoralean izanen diren 27 jelkaldiak koordinatuko dituen errejenta edo eszena-arduraduna Jean Pier Errekalt izanen da. Casenavek idatzitako zazpi kantuak eta, batez ere, kantariak zuzentzeko ardura Jean Louis Aranburu Bidabek izanen du.

«Ohorea»

Junes Casenave pastoralaren idazlearen hitzetan, Elizagarai omentzeko bera aukeratu izana «ohorea» da. Izan ere, bizitza «aberatsa» eta «gutxi ezagutua» izan zuen Armendaritzeko seme horrek. Haren bizipenen artean, lan ibilibidean izan zuen bilakaera «harrigarria» eta «paregabea» nabarmendu ditu Casenavek. Erran daiteke Elizagaraik Bordelen ikasketak bururatu ostean izan zuela unerik garrantzitsuena. Haren osaba elizgizona zen, eta Eñaut Elizagarai Armendaritzeko apaiz gisara ikusteko xedea zuen. Elizagaraik, ordea, Luis XIV.aren armadan eman zuen izena, eta elizari bizkar eman zion.

Ordutik aitzina, bere ingeniari gaitasunei esker, Luis XIV.a erregearen itsas ingeniarien buru izan zen. Elizagaraik hainbat gerra ontziren diseinuan parte hartu zuen, tartean «La Galliote» ontziarenean, eta itsasoan garaipen anitz eskuratu zituen hark. Azken horrek eman zion Eñaut Elizagarairi ospea eta erregearen itsas ingeniarien buru kargua.

Nahiz eta Casenave «ohoretua» sentitu Elizagariri buruzko pastorala idazteagatik, hasieran bestelako asmoak izan ziren. Filip Petit pastoraleko kideak argitu bezala, hasiera batean, San Frantzisko Xabierren sortzearen 500. urtemuga zenez gero, Junes Casenavek San Frantzisko Xabierri buruzko pastorala idatzi nahi zion. «Herritarrok nahiago izan genuen, ordea, beste gai bat hartu, eta beste pertsonaia bati buruz idazteko eskatu genion», adierazi digu. Casenave elizgizona izanik ere, erlijioaz kanpoko pertsona bat omentzea onartu zuen. Hasierako asmoaz aldentzeak ez du mindu Casenave, eta Elizagarairen hautua dela-eta «Biba Gamere eta Zihiga» adierazi izanak hautuarekin pozik dagoela erakusten du.

Pastoral egunetako ekitaldi nagusia Eñaut Elizagarairen omenezko emanaldia izanen da. Hala ere, usadioak agindu bezala, pastorala ez da pastoralera mugatuko. Emanaldi nagusia 15.30ean izanen da, Zihigan, uztailaren 29an; eta Gameren, berriz, abuztuaren 5ean. Baina bi egun horiek osatzeko, goizetan meza eta bazkariak iraganen dira. Zihigako eta Gamereko emanaldietan, meza 10.30ean emanen dute, lehenik Zihigako elizan, eta bigarrenik, Gamerekoan. Pastoralaren aurretik, gainera, bazkaltzeko parada ere izanen da. Bazkariak, bi egunetan, 14.00etan izanen dira, eta, noski, pastorala hasterako bururatu beharko dute.

BI EMANALDI

Aurtengo pastoralaren lehen emanaldia uztailaren 29an izanen da, Zihigan. Abuztuaren 5ean, aldiz, Gameren iraganen da. Bi herriotako biztanleek Junes Casenave idazle zuberotarraren testua jokatuko dute, eta Eñaut Elizagarai XVI. mendeko itsas ingeniaria omenduko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo