GARA > Idatzia > Gutunak

Josetxu Robles Deustua

Jokin Azkuek Iñaki Lasari esandakoak direla eta

2007/0/14 Kontseiluaren izenean gai-jartzailearena egin zuen Iñaki Lasak, puntua bota zuen. 200/07/21 Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Herri administrazioetan hizkuntza normalizatzeko zuzendariak, Jokin Azkuek, erantzun.

Badakit ur sakonak direla, ezingo handikoak, eta eskasa naizela igerian. Baina, udan gaudelako-edo, bero-bero jarri naiz eta sartu-irten bat egingo dut.

Eusko Jaurlaritzaren (PNVren) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak azken 25 urteetan egin duen hizkuntza politika, oro har, benetan eskasa izan da, eta ez eskasa bakarrik, inoiz, euskalgintzako hainbat erakunderen kalterako egin baitu, nahita gainera.

Harira joango naiz. Gauzak argi: Eusko Jaurlaritzan eta bere erakunde autonomoetan euskararen normalizazioa bultzatzeko lanak ez dira egin administrazioko euskararen normalizaziorako teknikarien izerdiarekin bakarrik. Ezta pentsatu ere! Horretarako hainbat erakunde pribaturen zerbitzuak kontratatu behar izan dira. Eta, nik dakidan apurragatik, Administrazioak urte horietan guztietan jokabide bera erabili izan du kontratazioak egin behar izan dituenean: nik egiten dut diseinua, jartzen ditut baldintzak, eta betetzen ez dituenak (edo Administrazioari interesatu ez), ez dauka dirurik. Eta horrela joan dira gauzak: batzuek (inguru-inguruko batzuek) poltsikoak bete-bete, eta beste batzuek, berriz, usainik ere ez. Ez da egia?

Galdera: hizkuntza normalkuntzarako zenbat teknikari daude Osakidetzan; zenbat Ertzaintzan; zenbat foru aldundietan; zenbat udaletxe oraindik teknikaririk gabe?

Urte asko pasa dira, 25 urte, eta jokamolde berdina: azken planaren aurre-balantzea egin eta hurrengoaren aurkezpena. Ez dago ezer zalantzan jartzerik, lotsa gutxirekin aurkeztu emaitzak, eztabaidari tarterik utzi barik, kritikei (onargarriak izanda ere) kasurik egin barik. Iñakiren (Kontseiluaren) kritiketan ez dute ezer positiborik ikusi, dena beltza. Kontseilukoak etsaiak dira, gaiztoak. Euren inguruan!? lekurik ez dute. Bada, Administrazioa herriak ordaintzen du, eta herriari zerbitzua emateko baino ez dago, herritar guztiei, edozein dela ideologia politikoa.

Nik argi daukat: gauza asko jar daitezke zalantzan, baina ez da egiten izan, eta, antza, ez dute egin nahi. Horregatik, Jokin Azkuek eskubide hori, behintzat, aitortzen didanez, nota jarriko diot: zero patatero. Eta esan nahi dut bat natorrela, erabat gainera, Iñaki Lasaren (Kontseiluaren) proposamenarekin: hizkuntza politika berri bat behar da EAEko Administrazioan. Eta bat nator hizkuntza politika hori EAE euskaldun bat (eta inoiz egin ahal izango bada, Euskal Herri euskaldun bat) eraikitzeko diseinatu behar dela; EAE euskalduna, herritar eleanitzez osatua.

Hainbeste urte pasa eta gero badago zer eztabaidatu. Ni neu ere ez nator bat, edo zalantzak ditut, Kontseiluaren izenean Iñakik proposatu zituen zenbait neurrirekin, eztabaidagarriak iruditzen baitzaizkit. Eta, era berean, ez nator bat Patxi Baztarrikak aurreko planaren aurre-balantzea dela-eta egindako zenbait adierazpenekin. Baina ez naiz hasiko, ez bainaiz gauza ikusten, horiek kritikatzen. Hori bai: plan guztiak dira kritikagarri, proposamen guztiak.

Hauxe da, nire ustez, egin beharreko eztabaida, zabal-zabal, gainera: zer egin EAEko Administrazioan euskararen normalizazioa lortzeko. Ganorazko hausnarketa egin behar da, eta, hala erabakitzen bada, aurrera begirako estrategia berriak diseinatu, erakunde eta eragile guztien parte hartzearekin.

Bada, Jokin, hauxe nire galdera: ezin da zalantzan jarri, Kontseiluak, edo beste inork, ezin du zalantzan jarri EAEko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egin izan duen eta egin nahi duen hizkuntza politika?  

Euskararen normalizazioa lortzea denon eginkizuna bada, nire ustez, ezin da orain arteko talantearekin jokatu. Ezin da planak gutxi batzuen artean diseinatu, eta herriari aurkeztu nota jartzeko. Horregatik, Jokin, Kontseiluari luzatu diozun galdera, zuk zeuk erantzun behar duzula uste dut: Nola egin behar da, ba, aitzina hizkuntza kontuetan? Goitik behera ezarrita? Inposatuta? Zer atxikimendu lor daiteke ezarpenarekin? Horixe bera baita zuek egin duzuena, eta hori teknokrata hutsak izatea da. Jokin, arrazoi osoa daukazuela uste baduzu... Zuentzako pesetia!

Poto egin badut, barkatu. Banoa lehorrera, ipurdia agerian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo