Etxerat-ek «SOS» deia zabaldu, eta konpromisoak galdegin ditu
Euskal presoen egoera «oso larria» eta «kezkagarria» da Etxerat-en esanetan. Horiek hala, «SOS» deia zabaldu dio Euskal Herriari, eta egoera eraldatzeko konpromisoak galdegin ditu. Azken ostiraleko elkarretaratzeetan, larunbatean errepideetan eta abuztuaren 5ean hondartzetan, euskal presoen eskubideen alde mobilizatzeko deia egin du.
Oihana LLORENTE |
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren egoera ez da inolaz ere xamurra. Etxerat-en arabera, «gordina» eta «kezkagarria» da. Gainera, espetxe politikaren krudeltasunak etenik eta oporrik ez duela ohartarazi du.
Horiek hala, eskuak gurutzatuta eta zerura begira gelditzeko betarik ez dagoela deritzo. Alde horretatik, larri gaixorik diren eta espetxe zigorra beteta duten presoak askatu eta euskal presoak, dagozkien eskubideen jabe, herriratu ditzaten konpromisoak galdegin ditu.
Euskal preso eta iheslariak etxera ekar ditzatela eskatzen duten banderolak soinean hartu eta datozen egunotan izango diren ekimenetan parte hartzeko gonbita egin zuen Etxerat-eko eledun Estanis Etxaburuk.
Lehendabizikoa datorren ostiralean izango da. Azken ostirala izanik, herri eta hiriburu orotan iluntzean egingo dituzten elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin zuen Etxaburuk. Larunbatean, berriz, Euskal Herriko errepide sarean barrena han eta hemen dabiltzan bidaiariek, 12.00etatik aurrera eta ordubetez, euskal presoak herrira ekar ditzatela eskatzen duten aldarrikapenak ikusteko parada izango dute. Azkenik, datorren abuztuaren 5ean, igandean, ordu berean, gure herriko hondartzetan egingo dute aldarrikapen hori.
Era berean, erakunde eta alderdi politikoei zuzendu zitzaien Etxaburu. Orain artean haiek erakutsitako «konpromiso eza» Estatu espainolak eta frantsesak abian duten politika «hiltzailea» egiten jarraitzea ahalbidetzen duen «txeke zuria» dela adierazi zuen. Gainera, adierazpen hutsalak haizeak eramaten dituela ohartarazi eta presioa egiteko exijitu zien.
Estatu espainolak eta frantsesak egiten duten espetxe politikak eragiten duen «krudeltasuna» laburbiltzea zaila deritzo presoen senideak biltzen dituen elkarteak. Hala ere, bai espetxe barruan, bai espetxerako bidean «era jakinean, heriotzak sortzen dituen» politika dela adierazi zuen. Gainera, euskal presoen aurka ezartzen dituzten salbuespen neurriek beren buruaz beste egiteko saiakerak eragiten dituztela gogora ekarri zuen Etxerat-eko kideak.
Gobernu espainolean eta frantsesean jaun eta jabe diren PSOE eta UMP alderdiek «sufrimendua iraunarazten» jarraitzen dutela salatu zuen Etxaburuk. Hala, egoera gordin horren isla diren makina bat datu plazaratu zuen agerraldian. Espetxean bahiturik jarraitzen duten 12 preso larri gaixo daudela gogoratu eta haietatik zazpiri 92. artikulua ezartzea ukatu dietela salatu zuen. Era berean, Euskal Herriko erietxeetara eramateko ukapenak edota konfiantzako medikuek bisitak egiteko trabak eguneroko kontu direla adierazi zuen.
Azken hilabeteetan senideen bizi-baldintzak gogortu direla gogorarazi zuen bozeramaileak. Moduluetan, kiderik gabe, bakarrik dauden euskal presoak 55 direla oroitarazi zuen. Gainera, kolektiboko kide gehienek eguna 20 edota 22 orduz ziega ilunean erabat bakartuta eta argi izpirik ikusi gabe igarotzen dutela adierazi zuten Etxerat-eko kideak.
Euskal presoak euren herritik gehiago urruntzeko xedearekin traslado ugari egin dutela adierazi zuten, eta horren adibide aipatu zuen Euskal Herriko espetxeetan zeuden 23 preso Estatu espainolean barrena barreiatu dituztela. Hainbat bikote ere bereizi dituztela salatu zuen Etxaburuk.
183 euskal presok zigorraren bi herena edota hiru laurdena beteta duten arren, preso jarraitzen dutela gogorarazi zuen. Era berean, presoak ez ezik, senideak ere egoera larrian daudela salatu zuen Etxaburuk.
Egoeraren larritasunak hala eskatzen duela argudiatuta eta PSOEri eta UMPri presioa egitearren, eragile sozialei, sindikalei eta euskal gizarte osoari konpromisoak indartzeko eskatu die Etxerat-ek.