GARA > Idatzia > Euskal Herria

Berrikuntza gutxi izanen da Baionako festetan

Eneritz ZABALETA |

Henri Lauque Baionako jai batzordeko lehendakariak eta Jean Grenet Baionako auzapezak aurtengo Baionako festetako egitaraua aurkeztu zuten, atzo. Festak abuztuaren 1etik 5era iraganen dira. Aurten ere, azkeneko urteetan bezala, berrikuntza gutxi izanen dira egitarau ofizialean.

Urtero gisan, zezen-plazako zezenketak, buruhandien desfileak eta Yannick Noah artista frantziarraren kontzertu erraldoia izanen dira aurtengo jaietako ekitaldi nagusiak. Henri Lauque jai batzordeko lehendakariak kaleko giroa hobetzeko egin indarrak aipatu zituen atzoko prentsaurrekoan: «Lehen aldiz, tabernetan jartzen ziren kanpo megafoniak debekatuta egonen dira. Haien ordez, 70 kaleko musika talde gonbidatu ditugu. Fanfarre, kantu koral eta gaita-jotzaileek kaleak alaitzea nahi dugu, eta ez kanpo megafoniek giroa zapuztea».

Karrikaldia, bigarrenez

Euskal kulturak, iaz bezala, txikia izanik ere, lekua izanen du egitarau ofizialean. Bigarren aldiz, Leinuak, Ibaialdek, Baionako Ikastolen Laguntzaileek eta Tuntuna euskal elkarteek antolaturik, Karrikaldia eginen dute. Bertan, mutxikoak eta euskal dantzak dantzatzeko aukera izanen da, abuztuaren 2tik 5era, Jacques Porte plazan. Dantzak, karrikadantza eta dantzazpi ekimenak ikusi eta praktikatzen ahalko dira. Ostiralean, Baionan Kantuz ekimenean, euskal kantuak abestuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo