Hogeita lau pop-rock talde igaroko dira Areatzako agertokitik, eta Aste Nagusiari erritmoa jarriko diote
Erakustaldi horren XXII. edizioa izango da aurten, eta hiru berrikuntza nagusi egongo dira: saioak ordubete aurreratuko dituzte, Areatzako agertoki berria eta nazioarteko hiru talde gonbidatu.
Arrate ETXEBARRRIA | BILBO
Aurten ere, Aste Nagusiarekin batera, pop-rock erakustaldia itzuliko da Bilbora. Joan den urteetako edizioekin alderatuta, hiru berrikuntza nagusi izango dira. Alde batetik, kokagune aldaketa egongo da. Areatzako gunean egingo dituzte berriz ere erakustaldiak, eta bertako agertoki berrian izango dira kontzertuak. Bestetik, ordubete lehenago izango dira; gainerako urteetan 20.00etan hasten ziren; aurten, berriz, 19.00etan abiatuko dira ikuskizunak. Azkenik, Europako hainbat herrialdetatik hiru talde etorriko dira Bilbao Hiria Pop-Rock Lehiaketarekin egon den lankidetzari esker. Hiru talde horiek Estatu frantsesetik, Holandatik eta Belgikatik datoz.
Kalitate handiko taldeak
Hautaketa prozesu luze eta zail baten ondorioz, 20 talde arituko dira Bilboko jaietan. Horiekin batera nazioartetik etorritako hiru taldek joko dute, bai eta Eterna taldeak ere, gonbidatu berezi moduan; guztira beraz, 24 talde. Aukeraketara 68 talde aurkeztu ziren, eta emakumez osatutako eta euskaraz aritzen diren talde gehiago izan dira prozesu horretan beste edizioetan baino.
«Maila oso altua izan da; lan oso onak aurkeztu dira aurten, bai grabazioaren kalitateari dagokionez, bai eta taldeen musika nortasunari dagokionez», adierazi zuen ekimenaren antolatzaileetako batek.
Zortzi egunean izango da musika Areatzan, arratsaldero hiru saio emango dituzte-eta. Rock- and-rollaren doinuen pean hasiko da. Larunbatean, abuztuaren 18an, Puro Chile laukotea, Midnigth Road eta Love Division taldeak izango dira. Hurrengo egunean, Aeroflot frantsesekin batera, Hamburgesa Vegetal eta Hits izen berezia duen Gernikako taldea. Astelehean, berriz, metal progresiboa, Eterna, Quaoar-en eta Waldheim-en eskutik, eta asteartean, Usquaire holandarrak, Gora Japon eta The Reverendos izango dira ikusgai. Kawada (Belgika), Nobel eta White Wood, asteazkenerako iragarri dituzte. Hurrengo bi egunetan, Ya Te digo, Loan, Shisha Pangma, Pog Mo Thón, Sin más, Ost eta Shisha Pangma taldeen txanda izango da. Azken taldeak Basauriko Udalak 2001ean antolatutako maketa lehiaketa irabazi zuen. Larunbatean, jaialdia amaitzeko, Josu Bergara bakarlari bilbotarrak, The Grave Yaght Clubek eta Sweet Oblivionek egingo dute agerraldia.