GARA > Idatzia > Musika

Les Extravagances jaialdia, Biarrizko bitxikeria freskagarria

Biarritzen hirugarren urtez jarraian antolatu duten Les Extravagances jaialdia egun bakarrean ospatuko da aurten, sei talderen parte hartzearekin. Bertan izango dira, besteak beste, Ridan rap-kantaria, Orchestre National de Barbes edo The Servant rock musikagile britainiarrak.

p054_f01_152x108.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Azken bi urteetan nazioarteko musikari bikain ugari pasatu da Biarrizko Agilera estadioan ospatzen den Les Extravagances jaialditik, Goran Bregovitch, Amadou Et Mariam, Toy Dolls, Delorean Sarah Slean edo Sargento Garcia kasu, egun puri-purian dauden musika joerak uztartu eta mestizaia bultzatuz.

Aurreko urteetan asteburuko bi egun hartu dituen jaialdia egun bakarrera mugatuko da aurten, sei artisten parte hartzearekin. Bertan izango dugu David Cairol folk kantaria, Sunshiners reggae taldea, Ridanen hip hopa, Wax Tailorren elektronika, The Servanten pop rocka eta Orchestre National de Barbesen doinu magrebtar alaiak.

David Cairol 18.00etan igoko da agertokira. Ipar Euskal Herriko folk eta rock musikari gaztea Souleymane taldeko partaide izandakoa dugu eta zuzenean Jerome Martineau bateria-jotzailearekin, Xavier Mallet baxu-jotzailearekin eta François Guilharretze gitarra-jotzailearekin aritzen da.

Ondoren, reggae doinuak Vanuatuko paradisutik. Mister Gang reggae talde frantziarreko bi partaidek sortu zuten The Sunshiners taldea Ozeano Bareko hegoaldean dagoen Vanuatu uhartean. Ozeaniarrek urrian argitaratzekoa den «Welkam bak long Vanuatu» eskainiko digute, taldearen ibilbideko bigarrena.

Ilundu aurretik, Ridanen txanda. Guraso aljeriarrak dituen Nadirrek (Nadir/Ridan alderantziz) 2003an egin zuen debuta «Le rêve ou la vie» izeneko lana plazaratuz, eta «L' Ange de mon Démon» berria ekarriko du orain; aingeruak eta deabruak hip hop orekan. Eguzkia lotaratzearekin batera Orchestre National de Barbes azalduko zaigu agertokian.

Barbes auzotik

Parisko auzo afrikarra dugu Barbes eta bertakoak ditugu orkestra osatzen duten musikari trebatuak. Egun hamaika musikarik osatzen du 1995ean Youcef Boukella baxu-jotzaile eta musikagile nagusiak sortutako taldea: Mehdi Askeur eta Ahmed Bensidhoumen ahotsek, Michel Petryren bateriak, Kamel Tenficheren perkusioak, Fateh Benlalaren mandolinak, Fathellah Ghoggal eta Khliff Mizialaouaren gitarrek, Taoufik Mimouni eta Mustapha Mataouiren teklatuek eta Emmanuel Le Houezecen metalak.

Izan Marokoko gnawa edo Aljeriako chaabi eta rai musika, izan Kabiliako musika, Espainia mairukoa edo soukous edo zouk antillarra, doinu afrikarrak nahasten maisu dugu orkestra ugaria, reggae, funk, rock edo jazza ahaztu gabe. Mestizaia bere zentzurik zabalenean.

Orkestrak 1997an egin zuen debuta zuzenean «En Concert» grabatuz, eta 100.000 ale saldu zituen. Bigarrena, 2001eko «Poulina» (Lorautsa). Zuzenean sekulako grina agertzen du taldeak -lehenengo sei urteetan 500 kontzertutik gora eman zituen- eta aurten hirugarren lana argitaratzekoak dira, «La rézidance».

Milurtekoarekin batera sortutako laukotea dugu The Servant. Dan Black buru duen talde britainiarra Matt Fisher baxu-jotzaileak, Trevor Sharpe bateria-jotzaileak eta Chris Burrows gitarra-jotzaileak osatuta dago. 2004an debut homonimoa plazaratu zuten eta bertako «Cells» kantua «Sin City» filma iragartzeko erabili zuten. Aurten «How to Destroy a Relationship» bigarrena plazaratu du Estatu frantsesean arrakasta eta ospea lortu duen taldeak. Orange telekomunikazio etxeak ere The Servanten musika erabili zuen iragarki batean.

Wax Tailorrek itxiko du jaia. 2004an egin zuen debuta «Lost the Way» izeneko ep laburrarekin eta urtebete geroago «Tales of the Forgotten Melodies» plazaratu zuen, Estatu frantsesean 20.000 ale saldu eta zaleak harritu zituena. Soul, jazz eta funk musika nahastuta elektronika garatu du eta aurten lan berria ekoitzi du, «Hope & Sorrow».

Zuzenean Charlotte Savary kantariak, Marina Quaisse biolontxeloak eta Marine Thibault zehar flauta-jotzaileak laguntzen dute, eta diskoan Ursula Rucker eta Sharon Jones soul kantari handiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo