Flamenko hotsak Zornotzan
Pata Negra
A. B. | BILBO
Azken txanpan daude jada Zornotzako jaiak, baina bada oraindik zer gozatu. Bihar, azken kontzertuak, proposamen arras ezberdinekin. Batetik, Exum eta Hamleten rock bortitza; bestetik, Pata Negraren flamenko parrandazalea.
Txosnei rocka darie Exum eta Hamlet madrildarrekin. Zornotzarrek, sei urtetan zehar agertokiak metalez astindu ondoren, «Laster Berandu da» debuta grabatu dute aurten Idaba Musik estudioetan, eta Ideiak Bultzatuz disko etxean plazaratu dute lana.
Eskarmentu handiagoa du gurean sarritan jo ohi duen Hamlet boskote metalzaleak. Duela 20 urte sortua, iaz «Pura Vida» plazaratu zuen Locomotive Records disko etxean, madrildarren ibilbideko bederatzigarren lan luzea, zuzenekoa aparte utzita.
Zoroagoa dugu Zubiondo plazako festa. Raimundo Amador Kiko Veneno lagunarekin Veneno banda mitikoan aritu ondoren, Pata Negra sortu zuten Amador anaiek duela 26 urte inguru. Blues musika flamenkoarekin uztartu eta gitarra elektrikoei txinparta ateratzen zion ijito taldea genuen Pata Negra. 90eko hamarkada hasieran anaiak elkarrekin haserretu egin ziren eta Rafaelillok jarraitu zuen taldearekin aurrera, 1994an «Como una Vara Verde» plazaratu eta desagertu zen arte.
Iaz, taldea semearekin eta lagun zaharrekin berrantolatu eta errepidera bueltatu zen Rafael, betiko zuzeneko mozkorti eta zoroek iraun dezaten.
Data: Bihar.
Lekua: Zornotza.
Exum eta Hamlet:
23.00etan txosnetan.
Pata Negra:
00.00etan Zubiondo plazan.
Sarrera: Doan.