Ezjakintasuna eta bekaizkeria ez dira sanoak
Blanca IZKUE, musikagintzako langilea
Herrien arteko mugetan, aldameneko herritarren artean harrika aritzeko ohitura zaharra zegoen, harreman sozial hau Neander-thal samarra bazen ere. Alboko herriei zuzenduriko kritikak, berriz, bekaizkeria hutsean daude oinarrituta askotan. Eta horixe sentitzen dugu askok: inbidia kotxina.
Iruñean berriki pasa diren Sanferminak ditugu, eta kantuak esandakoaren arabera, munduan jai horien parekorik ez omen dago. Bale. Jai erraldoiak dira, zentzu anitzetan. Eta konparaketak eginez, maiz trufatu gara, adibidez, Donostiako Aste Nagusiaz. Donostiar askok ere onartzen dute haien hiriko bestak inozo samarrak direla. Baina badu Donostiak, Gasteizek duen antzera, Iruñari sekulako bekaizkeria eragin diezaiokeena: Jazz jaialdia. Astelehenean hasi eta igandera arte ospatzen ari den 42. Jazzaldira etorriko diren hainbat talde eta bakarlariren kontzertuak gustura asko ikusiko genituzke. Zenbait kontzerturen sarrerak, demaseko prezioak izan gabe -gaur, esaterako, Marcus Miller eta Vienna Art Orchestrarako sarrerak 24 eurotan daude- ez dira oso herrikoiak. Alta, esan beharra dago baita ere zenbait kontzertu doan izan eta izanen direla, joan den asteartean Zurriolako hondartzan Skatalitesek eman zuena kasu.
Eta guk, probintziano hauek, bekaitza sentitzen dugu. Bekaitza igandean Elvis Costelo jaunak Donostia bisitatuko duelako, Iruñea inoiz ez, eta Iruñean kultur agintariek sekula santan ez dutelako sumatuko halako kultur egarririk herritarrengandik. Ala agian hemen Osasuna lehenengo dibisioan mantendu izanarekin nahikoa izan behar dugulako. Batek daki.
Ekimen pribatuei esker, jaialdi handiak errotzea lortzen ari dira Gasteizen eta Bilbon. Ekimen publikoei esker kontzertu handiak ohikoak izaten dira hiri horietako Aste Nagusietan. Ekimen herritarrari esker talde on asko ariko dira hiri horietako jaietan, txosnetan. Azken hauek, gainera, agintari publikoen zentsura guztien gainetik ospatuko dira, hainbat eta hainbat hiritan zentsurak euskal artista handien kontzertuak eragotzi ondoren. Iruña ondoko Berriozar herrian, aldiz, zinegotzi batek Pantxoa eta Peioren emankizuna debekatu nahi du terrorismoa goraipatzen duten kantuak abesten dituztelako. Hainbat urtez Euskal Herri osoan «Ixiarren semea» abestu eta gero, Nafarroan ezagutuko dute zentsura Ipar Euskal Herriko abeslariek. Hamaika ikusteko jaioak gara.