«A gente ainda não sonhou» lan berria ekarriko du Gasteizera
Carlinhos Brown
Azken urteotan sarri izan dugu Carlinhos Brown gurean. Brasilgo sanba eta inauterien ordezkari, kalerik kale izan genuen hurrenez hurren Bilboko desfilean, San Ferminetan Gaztelu plazan eta Victoria Eugenia antzokian duela gutxi. Orain, Gasteizko Jazzaldia bukatu berritan, Mendizorrotza kiroldegia berotuko du «A gente ainda não sonhou» lan berriarekin (Sony, 2007). Bertan, sanba hotsak alboratu eta Tribalistetan agertutako soinua berreskuratu du.
Anartz BILBAO | BILBO
Antonio Carlos Santos de Freitas 1962an jaio zen Bahian. James Brown eta H. Rap Brown funk eta soul izarren omenez Carlinhos Brown izen artistikoa aukeratu zuen, pandeiroa eta perkusio afrobrasildarrak joz.
Carlinhos 80ko hamarkadan bihurtu zen ezagun musikari bezala, hainbat artista ospetsurekin elkarlanean aritu baitzen. 1984an Luis Caldasen Acordes Verdes taldean jo zuen eta hurrengo urtean Caetano Velosoren «Estrangeiro» lanean parte hartu zuen. Urte horretakoa dugu bere lehenengo musika lana, «Visao de Cíclope». Joao Gilberto, Djavan eta Joao Boscorekin birak egin zituen ondoren, 90eko hamarkadan Timbalada taldeko buru bihurtu aurretik. Ehun perkusio-jotzaile eta abeslaritik gora bildu zituen taldeak, gehienak jatorriaCandeal auzo txiroan zuten gazteak.
Timbaladak izandako oihartzuna profitatuz, 1996an «Alfagamabetizado» eta «Omelete Man» plazaratu zituen, bakarlari legez kaleratutako lehenengoak.
Egitasmo ugaritan parte hartu du harrezkero artista brasildarrak, gazteentzako musika elkarteak sortuz edo erreziklatutako tresnekin musika eginez. 2002an sekulako arrakasta lortu zuen Arnaldo Antunes eta Marisa Monte izarrekin batera «Tribalistas izeneko lana ekoiztean. Bertako «Já sei namorar» kantuak hainbat sari lortu zituen eta munduko bazter guztietara heldu zen.
Fernando Trueba zinema zuzendariak Carlinhosen egitasmoen berri eman zuen 2005eko «El milagro de Candeal» dokumentalean, eta Salvador de Bahiako faveletan musikaren inguruan sortutako mugimendu interesgarria agertu zuen. Lan horrek jatorrizko banda soinu onenaren Goya saria ere jaso zuen Estatu espainolean.
Jaiaren eta maitasunaren enbaxadore, inauterietako desfileak mundu osora hedatu zituen artistak «Fame e pobreza» argitaratu zuen iaz, eta lan berria plazaratu du orain, sanba zokoratu eta «Tribalistas» lanean egindako lanera hurbiltzen duena. «A gente ainda não sonhou» diskoa (Sony, 2007) Carlinhosek berak ondu, ekoitzi eta grabatu du oso-osorik.
El 20 de marzo pasado vio la luz el último lanzamiento de Carlinhos Brown, «A gente ainda não sonhou». En él, el artista de Salvador de Bahía arrincona la samba para centrarse en sonidos más cercanos a «Tribalistas» (Blue Note, 2002), trabajo realizado junto a los totems de la música brasileira Arnaldo Antunes y Marisa Monte. Ambos colaboran en dos temas del nuevo trabajo de Carlinhos, grabado entre marzo de 2005 y setiembre de 2006 en su estudio de Ilha dos Sapos. En «A gente ainda não sonhou», Brown se encarga íntegramente del proceso creativo ya que produce el disco, compone los temas, ha grabado bajo, guitarras, percusión y piano e incluso ha llegado a diseñar la portada. Artista total.
A. B.