Musikairek dantzarako hiru proposamen egingo dizkio Elorrioko herriari
A. BILBAO | BILBO
Elorrioko Musikaire jaialdi finaren egitarauak aurrera darrai, honakoan musika proposamen hirukoitzarekin.
Elkano Browning Cream nazioarteko taldeak joko du bihar 22.30ean San Josen. Mikel Azpiroz teklatu-jotzaile donostiarra gidari duen hirukotea New Yorkeko Matt Harding gitarra-jotzaileak eta Paris hiriko Franck Mantegari bateria-jotzaileak osatuta dago. Goi mailako musikariak dira hirurak ere, bakarka zein laguntzaile gisa Lau Behi, Fermin Muguruza, Alpha Blondy edo Saint Germain eta Massive Attack talde arrakastatsuekin lan egindakoak, besteak beste. Iaz eman zuten argitara estreinako lana, taldearen izen berekoa. Dantzarako groove musika dotorea egiten dute.
Larunbatean, 22.30ean eta plazan, New York Ska Jazz Ensemble bederatzikote bikaina, Fred Reiter saxo-jotzailea buru dutela. Ska doinu modernoetan maisu, gure agertokietan estimatua dugu 2005ean Brixton Records disko etxe bizkaitarrean «Skaleidoskope» dantzagarria plazaratu zuen supertaldea. Uda honetan gurean emango duten kontzertu bakarra izango da Elorriokoa.
Ostirala eta larunbata izerdi patsetan amaitu ostean, lasaiagoa dugu igandeko proposamena. Juan Manuel Cañizaresen gitarra flamenkoak itxiko du aurtengo jaialdia, Tola jauregian 22.30ean.
Flamenko musikaren maisu, Sabadellgoa hamar urtez Paco de Lucia izarrarekin ibilia da lanean, baita Espainiako Ballet Nazionalarrekin ere. Ehun bat lanetan parte hartu ostean bakarlari gisa kaleratu berri duen hirugarren lana, «Suite, Iberia», aurkeztuko du Juan Carlos Gomez gitarran, Jose de Lucia baxuan eta Roberto Pozmediano perkusioan lagun dituela.