GARA > Idatzia > Ikusmira

Lehen aldiz emakume bat Indiako presidente

Hirurogei urte pasa dira Indiak Ingalaterrarengandik independentzia lortu zuenetik. XXI. mende hasieran, Indiak aurrerapauso handiak egin ditu eta garapen ekonomiko eta teknologikoari esker bere itzala handitzen ari da, bere eskualdean ez ezik mundu mailan ere bai. Izan ere, Asia hegoaldeko mamuak baditu erronka handiak begi-bistan. Besteak beste, justizia soziala hedatuta, biztanleriaren bizibaldintza duinak bermatzea. Atzotik Indiak emakume bat du estatuburu. Pratibha Patilek hazkunde ekonomikoarekin batera hazkunde soziala lehenetsi behar dela adierazi zuen bere kargua hartzerakoan. Emakumeen egoera izan zen presidente berriak egin zuen mintzaldiaren ardatz nagusia. Besteak beste, sexu arrazoiengatik eginiko abortuak ekiditeko (fetuzidioa) eta ezkonsariari loturiko hilketekin bukatzeko konpromisoa adierazi zuen. Genero diskriminazioak, oraindik ere bizirik dagoen kasta sistemarekin harreman estua du. Maila apaletako emakumezkoek pairatzen dute, bereziki, pobrezia eta era askotariko zapalkuntza. Hala, Indian diren 10 milioi prostituten arteko gehienak dalit kastakoak dira, eta horietatik 500.000, gutxienez, adin txikikoak dira. Anuradja Rajan emakumeei buruzko ikertzaileak nabarmentzen duenez, Indiako emakumeak boterea eskuratu behar du bere egoeraz jabetzeko eta bere bizitza aldatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo