Mintzakidetzaren aurkako eraso onartezina
Arnaldo Otegi espetxera eraman ondoren hainbat eragilerekin izandako harremanek beste emaitza bat eman dute. Solaskide horiekin ezker abertza- leak izandako iritzi trukaketaren ondorioz, manifestu bat jaio da, dagoeneko sarean dagoena (www.arnaldoaskatu.org), eta bere mamia zabaltzearekin batera, herritarrekin sinadurak biltzeko kanpaina abiatu da.
Laburbildurik, mintzakidetza politikoa oinarrizko tresna dela aitortzen da idatzi horretan; Arnaldo Otegi espetxeratzeko erabakia larritasun handiko gertakaritzat jotzen da, eta arduradun judizialei ezker abertzaleko ordezkaria aske uzteko eskakizuna egiten zaie. Hilabete luze bat pasatu da ezker abertzaleko mintzakidetzaren kide Arnaldo Otegi Martutenen sartu zutenetik. Orduz geroztik, gehienbat GARAren bidez, prozesu politikoari buruz informazio ugari zabaldu da. Horren ondorioz, ezker abertzaleak ETAren su-etena indarrean zegoenean pairatu zuen jazarpenaren atzetik agertzen ziren arrazoi politikoak agerian geratu dira. PSOEko Gobernuak konponbide politikoa bilatzeko benetako borondatea erakutsi ordez, prozesuan mehatxuka eta indarkeria erabilita jokatu du. Edozein egoera izanda ere, arazo politikoak gainditzeko bidean elkarrizketa ezinbestekoa da. Baita norberaren mintzakidetza errespetatzea ere.