GARA > Idatzia > Gaurkoa

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Ea-n, sorry Ie-n, Arestiren itzalean

Laugarren biderrez ospatu dira Ea-n poesia egunak. Poesia, euskara, eta IE: tumatxa, hi. Ohiko Landatarren paradisuan, Asun-en gidaritzapean, Natxi langile nekaezinaren eskutik eta `Herrijeri emon arnasa' taldeko lagun finen ondoan, poesiaz blai eman ditugu bi egun. Zoragarria izan da giroa. Apartekoa eta guztiz zirraragarria gure Itxaro Bordak Arestiri eskainitako plakaren eta haritzaren ondoan irakurri zuen «Milia Lastur on the road» delakoa (haritz bera dardarka hasi baitzen hura entzutean, batzuei malko zipriztinak erortzen zitzaizkigun bitartean...).

Euskaraz eta ingelesez, gure Itxarok: «(...) This land is my land too/ And U2/ Meanwhile take my hand. (...)».

Eztabaidak, irakurketak, bazkariak, Beletxeko askari ederra, jazz-aldia moilan, gaua, gin-tonicak... Bi egun eder, benetan.

Dena den, eta guztia aipatzearren, Bedarun jakin nuen, edo behintzat honela ulertu nuen, euskal idazle «neutroak» daudela, alegia sormena izanik haien helburua, dirudienez, sormena objektiboa da: ez dagokio ez inongo emakumeri, ezta inolako gizoni ere, «idazle» hutsei baino. Idazle «neutro» hori ezerk kutsatzen badu, kulturak, gizarteak, giro soziologikoak markatzen ditu, ez besterik, ez inolako generorik. Gure idazleak, gazteak behintzat, generorik gabekoak omen dira. Generoak ez ditu markatzen beren obrak.

Aspaldiko eztabaida bertsua ezaguna daukat zientzian. Hau da, zientzialariak gizartea konkretu batzuen ispilu besterik ez direla esaten duen leloa. Marxismo leninismo arrunt eta atzerakoi batean hasi zena, eta stalinismo eta maoismo merkearen bidez zabaldu zena, badirudi, berandu bada ere, gure euskal idazle gazteongana iritsi dela. Okertuta egon naiteke, erabat; baina Bedarun entzundakoak bestela pentsatzera bultzatzen nau.

Zientzian, sormen zientifikoan dela-eta, antzeko leloak entzun ziren: Einsteinen erlatibitate teoria judua zen (Hitler), burgesa zen (Stalin)... Horrelakoak eta are gogorragoak irakurri izan dira mendebaldeko zientziaren historian. Baina Einsteinen burmuinean, fisikan gertatzen diren zenbait fenomeno ulertzea besterik ez zegoen, zientzialari handi guztien garunean egon den kezka bertsua, alegia kanpoko munduan dauden lege fisikoak, kimikoak, edo biologikoak ulertu nahi izatea. Eta helburu horretara soilik burmuin pribilegiatu batzuk iristen dira, lan asko eta etengabea egin ondoren.

Richard Feyman Nobel saridunak eta fisikariak idatzi zuen moduan: «We have been led to imagine all sorts of things infinitely more marvelous than the imaginings of poets and dreamers of the past». (Bego, oraingoz, sormen zientifikoari buruzko aipu hori. Sormen zientifikoa versus sormen literarioa hurrengo baterako utziko dut).

Antzekoa gertatzen ote da literaturan? Ez dakit. Baina, idatziko ote zukeen Virginia Woolf-ek idatzi zuena baldin eta emakume barik, gizonezkoa izan balitz? Bizirik dagoen emakume idazle kanadar aparta den Margaret Atwood-ek gauza berberak idatziko ote lituzke, baldin eta gizona izan balitz? Ez dut uste. Sormen objektiboa literaturan? Gogorra egiten zait horrelako bitxikeria irenstea, gogorregia.

Hori kontuan edukiz, emakume-burmuinak eta gizon-burmuinak ezberdinak direla esatera ausartu nintzen. Horreur! Zalaparta itzela: «sormena, sormena da helburu eta horretan denak berdin». Egalité, fraternité eta liberté... badakizue... Iparraldean esaten den bezala: hitz ederrak egia balire... Gizonezkoen burmuinak, garunak eta emakumezkoenak berdin bide dira, sormen literarioen ikuspuntutik... Omen, behintzat euskal poeta gazte batzuen aburuz.

Baina Louann Brizantine neuropsikiatra iparramerikarrak («The Female Brain» izeneko liburuan eta bere esperientzia luzean) frogatu duen moduan, hormonek bi mundu, bi errealitate bereizten dituzte: errealitate maskulinoa eta femeninoa. Garunetan dago giltza. Emakumeen garunean gertatzen diren erreakzioak zergatik eta nola gertatzen diren azaldu du emakume horrek. Brizantineren arabera, garuna aztertzerakoan, emakumezkoei dagozkien zenbait zantzu garbi azaltzen dira: hala emozioetan nola memorian zein oroimenean. Gizonen eta emakumeen arteko aldeaz jabetzeko, liburua irakurri beharra dago. Ez soilik irakurri, aztertu eta kritikatu ere. Neuronek agintzen dute, eta berorien funtzionamenduak gizonezko eta emakumezkoak bereizten ditu. Brizantineren lanak kontuan harturik (ikus http://www.louannbrizendine.com/media.html) badirudi, euskal emakumezko poesiak, nobelak, ipuinak eta abar «pixka bat» desberdinak izan daitezkeela. (Batzuek badakigu, ongi jakin, ezberdinak izan direla, direla eta izango direla!).

Garuna ez da batere neutroa. Norberaren arabera (euskaldun izan ala espainola, zuri ala beltza, emakume ala gizonezkoa, hetero- ala homosexuala, yanki ala indiarra...) idazten da literatura ona egin nahi denean, non emozioek, memoriak, oroimenak, eta abar luze batek aparteko garrantzia baitaukate.

Argi gera bedi: Ie-n pozik oso pozik egon ginen, hurrengo ekitaldia noiz antolatuko duten zain. Zorionak antolatzaileei, parte hartzaile guzti-guztiei, eta musu handia luxuzko gonbidatua izan genuen Itxarori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo