AHT gelditzeko eta eztabaida galdegin ditu Ezker Abertzaleak
Herritarren borondatea alboratu, eta AHT eraikitzeko lanak hasiak dira. Ezker Abertzalea legebiltzar taldea, ordea, ez dator proiektuarekin bat, haren ustez, interes partikularrak herriaren interesen gainetik gailendu direlako. Lakuari eta Madrili proiektua gelditzeko exijitu die, eta lurralde antolaketaren inguruko eztabaida ireki dezatela galdegin du.
Oihana LLORENTE
Azken egunotan, Abiadura Handiko Trena erakitzean tematuta dabil Lakuako Gobernua. Herritarren nahiari muzin eginda, gainera, Itsasondo, Legorreta eta Ordizia arteko ibilbidearen esleipen publikoa egin du. Ezker Abertzalea legebiltzar taldea kezkatua da oso azpiegitura horrek ekar ditzakeen kalteekin, eta horregatik, agerraldia egin zuen atzo, Donostian, iritzia plazaratzeko asmoz.
Taldeko eledun Nekane Erauskinek AHT Euskal Herriko gehiengo sozial eta sindikalaren gainetik ezarri nahi izatea leporatu zion Lakuari. Haren aburuz, beste behin ere, interes partikularrak herriaren nahiaren gainetik inposatu nahi ditu.
Erauskinen aburuz, bai Madrilgo Gobernuak, baita hirukoaren Gobernuak ere, gatazka politikoari irtenbidea eman ez, eta gaur egungo esparru juridiko-politikoari «etekina» atera nahi diote. «Negozioa herritarren eskubideen gainetik jarrita» egingo dutela nabarmendu zuen. Eta horren lekuko AHTren proiektua dela deritzo.
Legebiltzar taldea, ordea, azpiegitura horren aurka alternatibak proposatzen dituen gehiengo sozial eta sindikalarekin lerrokatu da. Gainera, AHT gelditzeko asmoz lanean jarraituko dutela berretsi eta legebiltzarrean ekimenak bideratu dituztela ohartazi zuten. Horiek hala, bestelako eragileekin bildu eta eskaintzak bertan behera gelditzeko hainbat ekinbide egingo dituztela adierazi zuten.
Era berean, bai Nafarroako Gobernuari, bai Gobernu espainolari, bai Lakuari, AHTren proiektua gelditzeko exijitu, eta eztabaida prozesu bat has dezatela galdegin zieten. Talde horren iritziz, guztien artean erabaki behar baita zein lurralde antolaketa behar duen Euskal Herriak, eta hor zer-nolako garraio sistema eta trenbide sarea behar diren.
Madrildik datorren proiektua izanik, Euskal Herria egituratu baino gehiago, proiektuak Estatu espainola antolatzeko xedea duela deritzo Erauskinek. Hala, Lakua operadore gisa arituko den arren, azpiegituraren jabea Gobernu espainola izango dela gogorarazi zuen.
Abian den proiektu horrek «konpondu ezinezko ingurumen kalte izugarriak» eragingo dituela salatu zuen. Gainera, autobide, superportu eta abar luze bat biltzen dituen azpiegitura plan erraldoi baten parte dela esan zuen.
Euskal Herriko garraio arazoak ez dituela konponduko uste du talde horrek. Aldiriko garraiorako baliogabea izateaz gain, salgai astunak garraiatzeko ez dela baliagarria aipatu baitzuten.
Eraikuntzan xahutu behar duten dirutza dela-eta, gastu sozialen murrizketak egongo direla ohartarazi zuen Erauskin Ezker Abertzalea legebiltzar taldeko eledunak.
Lakuako Gobernuak AHTren Ordizia-Itsasondo tarterako lanen baimena eman izana gogor salatu zuten Batasunak eta Aralarrek. Batasunak «Madrilgo eta Gasteizko administrazioek inposaketaren bidean» bertze urrats bat egin dutela nabarmendu zuen, eta helburua «Euskal Herrian inoiz egin nahi izan den proiekturik erraldoiena eta burugabeena atzerabiderik gabeko bidean sartzea da», euren hitzetan. AHT da, euren iritziz, «egungo jendarte eredu kapitalista-neoliberalaren adibiderik esanguratsuena». Talde abertzalea itxaropentsu agertu zen dena den: «Oraindik garaiz gaude azpiegitura erraldoi hau gelditzeko. Jendartea aktibatu eta kalera ateraz, sektore kaltetu guztiak bat eginez, posible da AHT gelditzea. Orain da garaia, antolatu eta indarrez erantzuteko, Euskal Herri osoan». Horregatik, AHT Gelditu! Elkarlanak larunbaterako antolatu duen mobilizazioan parte hartzera deitu eta dinamika indartzeko asmoa erakutsi zuen.
Aralar, berriz, Lakuako Gobernuari zuzendu zitzaion; «Itsasondoko herritarren erabakia ez errespetatzea» leporatu zion eta «eztabaida teknikoa bultzatzeko» exijitu. Eztabaida horrek proiektuaren gaineko informazioa ezagutaraztea ekarri beharko luke; «zer funtzio beteko duen, zer motatako merkantziak garraiatuko dituen, bertako edo kanpoko gaiak eramanen dituen, zerbitzua zeini zuzenduko zaion eta bidaiatu ahal izateko txartela zenbat kostako den» jakinaraztea, bertzeren artean. Aralarren ustez, informazio hori argitaratzea «ezinbestekoa da herritarren artean kontsultak egin ahal izateko».
GARA
Euskal gizarteak ezin du «herriaren etorkizuna baldintzatu eta batzuen negozioan oinarrituko» den trena onartu. Horregatik, larunbatean Urbinan egingo duten mobilizazioan parte hartzeko deia egin zuen Ezker Abertzaleak.
Itsasondoko Udalak, «Herri borondatea errespetatu» lelopean, elkarretaratzera deitua zuen atzoko, joan den asteartean Lakuako Gobernuak onartutako esleipena salatzeko. AHTren Ordizia eta Itsasondo arteko ibilbidea onartu zuten orduan, eta horretarako 60.290.003 euro bideratzea erabaki. 2.859 metroko zatia da aurrez ikusitakoa, eta ibilbidearen %98 trenak tunel bidez egitea pentsatuta dago. Itsasondoko herritarrek ezezkoa eman zioten egitasmoari joan den abenduan egin zuten kontsultan, eta atzo gogor gaitzetsi zuten Lakuak erabaki hori errespetatu ez izana.
Herrirako ekitaldi bat zela kontuan izanik, parte-hartze ona izan zuen, 50-60 lagun bildu baitziren. Ekitaldiaren amaieran proiektuaren inguruko azalpenak eman zituzten; bertzeren artean, eraikitze lanak urrian hastea litekeena dela ohartarazi zuten. GARA