GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lagun bat hil da Getxon eta bertze bat Larrabetzun istripua izan ondotik

25 urteko mutila zendu da Getxon Galeako labar batera erorita, eta Larrabetzuko errepidean gertatutako istripuan lagun bat hil eta bertze bat zauritu da. Gainera, mendizale bat erreskatatu dute Gorbeian, eta arabar bat larri dago ultra-arin motordunean izandako erorketagatik.

A.S.G. 25 urteko getxotarra Galeako labar batera erori zen asteartean. Ertzaintzak ateratzea lortu zuen helikoptero bidez, baina zauri larriak zituenez Gurutzetako Ospitalean hil zen. Lakuako Barne Sailak azaldu zuenez, ezbeharra Aixerrotaren ondoan izan zen gaueko bederatziak aldera. Arroka artean zegoen mutil gaztea.

Une horretan zauritua itsasotik erreskatatzerik ez zegoela ondorioztatu zuten larrialdi zerbitzuetakoek; horregatik erabili zuen Ertzaintzak helikopteroa. Hamarrak aldera mutila erreskatatu eta BECeko heliportura eraman zuten. Handik anbulantzian joan zen erietxera.

Atzo ere lagun bat hil zen istripuan, Larrabetzuko errepidean, eta bertze bat zauritu egin zen. Rover 214 markako auto batek eta Renault Kangoo furgoneta batek talka egin zuten Txorierriko Korridorean, Getxorako norabidean. Lehenbiziko ibilgailua irauli egin zen kolpearen ondorioz, eta barrenean zihoan pertsona bat errepidean etzanda gelditu zen. Berekin zihoan laguna, berriz, atera ezinik gelditu zen barruan. Furgonetan pertsona bakarra zihoan eta ez zuen zauririk izan.

Bizkaian, bertze istripu bateko protagonistak zorte hobea izan zuen. Gorbeiako gune malkartsu batean aitzinera egin ezinik gelditu zen 67 urteko zeanuriarrak ikara galanta hartu zuen, baina minik batere ez. 13.30ean SOS Deiak zerbitzuari hots egin zion gizonak laguntza eskatzeko eta 15.00etarako helikopteroarekin erreskatatu eta ibilaldiaren abiapuntura eraman zuten, Urigoitira.

Errioxan, San Torcuatoko hegazkin-zelaian, 45 urteko gizona larriki zauritu zen atzo goizean. Ultra-arin motordunean zihoala, zereal landa batera erori zen Arabako Yecora herriko laguna.

hegazkin-zelaian

45 urteko arabarra larriki zauritu zen atzo goizean Errioxako San Torcuato aerodromoan hegaka zihoanean ondoko zereal landa batera erorita. Gasteizko Txagorritxu erietxera eraman zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo