GARA > Idatzia > Euskal Herria

Andra Mari auzoan etxebizitzak egiteko prozesua bukatzeko erabakia hartu du Getxoko Udalak

Getxoko Tokiko Gobernu Batzarrak Andra Mari auzoan etxebizitzak egiteko prozesua amaitzeko erabakia hartu du. Hala, baliogabetu egin du iazko Udal ebazpen bat, Hiri Antolaketarako Plangintza Orokorra eta Zatikako Lurralde Plana bateratzearen aldekoa zena, hain zuzen.

EAJk zuzendutako aitzineko gobernu taldeak Andra Marin 8.368 etxebizitza egiteko proiektua onartu zuen; gaur egungo taldea alderdi berak gidatzen du, baina, Imanol Landak atzo jakinarazi zuenez, ez dago ados egitasmo horrekin. «Izan ere, koherentziaz jokatzen dugu joan den hauteskunde kanpainan egin genituen promesekin, azkenean agintera eraman gintuztenekin, alegia. Andra Marin 8.368 etxebizitza egiteko proiektua ez da EAJrena ezta Gobernu talde honena ere», adierazi zuen Landak.

Ebazpenaren bitartez, bere garaian hautagaitza gisa hartutako konpromisoa «oso-osorik» bete nahi dute. «Getxoren geroaren gaineko hausnarketa lasai eta arduratsurako bidea zabaltzea» da asmoa, eta Andra Mariko auzotarrak «lasaitzea», iazko akordioa «ezinegon eta kezka iturritzat zeukatelako».

Prozesu berriak zabaldu

Imanol Landaren hitzetan, hemendik aitzinera aro eta prozesu berriak irekiko dira Getxoko garapen urbanistikoa finkatzeko. Inplikatutako eragileekin, auzotarrekin eta alderdiekin etengabeko elkarrizketa izatea litzateke gako garrantzitsu bat. Baina ez bakarra. Akordioak ahalik eta zabalenak izan daitezen ahaleginduko direla agindu zuen alkateak, baita garapen honetan inplikatutako Andra Mariko bizilagunen interesak eta eskubideak babestuko dituela ere. Bereziki, gazteak sufriarazten dituen etxebizitza beharrei aurre egiteko konpromisoari ere eutsi zion, eta «garapen iraunkor eta armonikoaren alde» egin zuen.

Hirian azterketa urbanistiko sakona egin beharko dela ere azaldu zuen Imanol Landak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo