GARA > Idatzia > Euskal Herria

Suziri bakar eta hunkigarri batek eman die hasiera Olatzagutiako jaiei

Olatzagutiarrek atzo eguerdian hasi zituzten euren herriko jaiak, eta oso modu berezian hasi ere. Suziri bakarra izan zen -udaletxetik jaurtitakoa- eta Txatoren omenalditzat balio izan zuen, gainera.

p018_f03_091x124.jpg

Iker IRIARTE

Olatzagutiarrek atzo eguerdian eman zieten hasiera herriko jaiei, eta modu horretan, egun hauetan festa giroan murgilduta dauden herrien zerrenda zabala are zabalago egiten lagundu zuten.

Jaien hasiera hori, nolanahi ere, ez zen beste batzuen antzekoa izan, ezta Olatzagutian bertan atzeragoko urteetan egin izan direnen antzekoa ere. Horren arrazoia suziria pizteko ekitaldiak berak aurten izan dituen bi ezaugarriak izan dira: batetik, aurreko urteetan ez bezala, suziri bakarra eta bateratua izan dela aurtengoa, eta bestetik, omenaldi kutsu nabarmena izan duela ekitaldiak.

Suziri bakarra

Atzeragoko urteetan, Olatzagutia, jaiei hasiera emateko bi suziri ezberdin izateagatik nabarmendu izan da: alde batetik udaletxetik jaurtitakoa izaten zen, 12.00etan, eta bestetik ordu laurden lehenago gazte asanbladak gaztetxeko atarian pizten zuena. Bi entitate horien arteko harremana nahiko txarra izan da azken urteetan, baina maiatzeko hauteskundeen ondotik izan den udal aldaketak arazoak konpondu dituela dirudi.

Udalak berak Olatzagutiako bizilagunei bidalitako ohar batean ageri denez, jaietako egitaraua aurreko udal gobernuak egina utzi zuen, eta talde berriak oso aldaketa gutxi eta mugatuak egin ahal izan ditu. Hala ere, gazte asanbladako kideen arabera, udal ordezkariekin hitz egin dute euren egitaraua osatzerako orduan, eta ekitaldiren bat edo beste Udalak bere kargu hartu du. Horrez gain, egitaraua aurreko urtekoen antzekoa dela adierazi zuten gazteek: ohiko hamaiketakoekin, AHTren aurkako manifestazioarekin (larunbatean 19.30ean) eta kontzertuekin. Berrikuntza ia bakarra, larunbat gauean, guatekea antolatu izana dela azaldu dute.

Txatori omenaldia

Bestalde, Olatzagutiako suziria sentimenduz eta oroiminez beterikoa izan zen. Izan ere, Udalak omenaldi txiki bat eskaini nahi izan baitzion aurten hil den Txatori. Jose Luis Perez -hala zuen izena-, Olatzagutiako errege kabalgataren sortzaile izan zen, oso pertsona maitatua zen herrian, eta 2007ko errege bezperan bertan hil zen bihotzeko batek jota.

Herrian egindako lan guztia eskertze aldera, Udalak senideei eskaini zien suziria pizteko ohorea, eta horrez gain plaka bat eman zien opari. Joana eta Miguel Angel bilobak izan ziren esker oneko eta jaiak zoriontzeko idazki bat irakurtzearen eta suziria piztearen arduradunak, hurrenez hurren. Biek ere guztiz hunkituta bete zuten euren egitekoa.

animoei eskerrak

Miguel Angel eta Joana oso hunkituta eta urduri zeuden, eta hori dela-eta, atzera botatzekotan ere egon ziren. Baina plazan bilduta zeuden lagunen eta herritarren animoei esker euren egitekoa bete ahal izan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo