Sentsazio onak ematen duen lasaitasuna
Gaizka LASA
(Karpin-Galicia)
Argitu dira zalantza guztiak. Rasmussen da Tourreko gizonik indartsuena. Lasaitu ederra hartuko zuen Rabobankekoak. Aurreko eguna, atseden jardunaldia, luzea egingo zitzaion, Contador burutik kendu ezinik. Piriniotako erasoak bortitzak izan ziren eta atzokoan pentsatzen arduratuta egoteko arrazoiak bazituen. Hala ere, ez zuen burua galdu.
Baliteke urduri egotea, baina une oro ondo jokatu zuen atzo. Contadorren erasoei pixkanaka erantzuten zien, ito gabe. Besteak tarterik egiten ez zuela ikusita konfiantza hartzen joan zen Aubisquen. Contador ikusita bai, baina bere sensazioak nolakoak ziren jakinda. Aurreko eguneko urduritasun hori joan zitzaion hankek eta gorputzak nola erantzuten zuten ikusita. Izan ere, indarra soberan zeukan. Eta hori da lasaitasun iturririk onena.
Kilometroak pasa ahala Tourreko irabazle ikusten zuen bere burua. Besteak baino gehiago sentitu zen. Nola ez zen lasai egongo? Noiznahi eskuak heldulekutik kendu eta motozaleari keinuak egiten, ondokoari bultzada ematen... horiek ez dira larritasunaren seinaleak. Hori ondo doan norbaitek egiten du. Aldiz, Evansek ez zuen horrelakorik egiten. Eustearekin nahikoa zuen. Horiek hala, Rasmussenek, helmugara gerturatzerakoan, erritmoa bizitu eta bi iheskideak aise utzi zituen atzean. Handik gora hegan egin zuen, onena zarela pentsatzeak jartzen dizkizun hegalekin. Aurreko eguneko zalantzak argituta, pozik eta sekulako pisua gainetik kenduta, azkeneko kilometroa airean egin zuen. Orain bai, orain denen gainetik dagoela esan dezake. Indartsuena dela argi utzi du, eta indarra duenarentzat lasterketa zenbat eta gogorragoa, hobe. Beraz, besteak nekatuago egon eta gogortasunak gehiago zigortzen dituelako, ez harritu azkeneko erlojupekoan liderra onenekin sailkatzen bada.