GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Kontseiluko zuzendaritza: Mikel Arrizabalaga (Elkar), Xabier Mendiguren (idazkari nagusia) *

Administrazioaren euskalduntzeaz

Baldintza hauetan ezin da administrazioa euskaldundu eta behar- beharrezkoa da IV. Plangintzaldiak ezaugarri desberdinak izatea ez badugu nahi beste porrot bat

Uztailaren 21ean Kontseiluak plazaratutako kritika eta hausnarketei erantzuteko asmoz Jokin Azkuek argitaratutako iritzi artikuluaren aurrean honako kontsiderazio hauek egin nahi ditu Kontseiluko Zuzendaritzak:

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua Euskalgintzan alor desberdinetan aritzen diren 40 talde eta enpresek osatzen dute, euskararen normalizazioa da gu guztion lehentasunezko zeregina eta horrek berak legitimatzen gaitu egoki ikusten ditugun kritika eta hausnarketak publiko egiteko, horregatik polizia edo fiskal bihurtu gabe. Are gehiago, euskararen normalizazioa herritarron diruz egiten den neurrian herritar bakar batek ere legitimazio osoa du egoki ikusten dituen kritikak egiteko. Demokraziaren oinarrietako bat hori da eta administrazioetako arduradunek ezin dute hori inoiz ahaztu.

Kontseiluak, sortu den unetik beti egin duen bezala, oraingoan ere, kritiken alboan egoera gainditzeko alternatibak plazaratu ditu. Euskararen normalizazioa zeregin konplexua da oso eta Ad- ministrazioa eta Gizarte mugimenduaren arteko elkarlanean jorratu beharrekoa, beraz, Administrazioak bai kritikak bai irtenbideak plazaratzen direnean, konpartitzen ez baditu ere, esker onez hartu beharko lituzke. Ondorioz, guztiz desegokitzat jotzen ditugu mespretxuzko tonua eta lekuz kanpoko esamoldeak, eztabaida saihestu eta Kontseilua desprestigiatzea beste helbururik ez baitute, gizarteak jakin badaki oso ondo Kontseilua zer den eta zertan ari den.

Kontseiluaren ustez, III. Plangintzaldiaren balorazio aurrerapenetik ondorioztatzen den egoerak adierazten du egiturazko oztopoak daudela Administrazioa euskalduntzeko zereginean, berau kolapso egoerara eramanez, eta neurri berriak eta eraginkorragoak hartu ezean ez dela posible izango Administrazioa euskalduntzea epe onargarri batean.

Hori pentsatzera eramaten gaituzten arrazoien artean honako hauek ditugu: Administrazioak euskara ez dakiten langileak kontratatzen segitzen du bere gain hartuz gerora euskaldundu beharra, horrek dakarren eta eragotz zitekeen kostua ere asumituz; 45 urte baino gehiago duten langileak legez salbuesteak baldintzatu egiten du erabat euskalduntze lana, langileriaren gehiengoa delako eta ondorioz salbuespena arau bihurtzen delako, 45 urterekin edozeinek ikas dezakeenez euskara ulertezina da horixe legezko araua izatea; hizkuntza-eskakizuna egiaztatu dutenen artean gehienek lehen eskakizuna dute eta horietako asko euskarazko zirkuituan integratzen ez direnez, ikasitakoa galtzen dute; pertsonak euskalduntzearekin batera administrazio-atalak ere euskaldundu beharko lirateke baina hori ez da gertatzen, II. Plangintzaldiak 80tik bakar bat ere euskalduntzea ez zuen lortu eta III.aren aurre balorazioan ez dute datua eman; arduradun politikoak eta goi karguak ere salbuetsita daude baina haiei dagokie atalaren euskalduntzearen ardura; derrigortasun data duten lanpostuak %40 dira bakarrik, nahiz eta legez, 2001.eko errolda aplikatuz, %44 beharko lukeen, gainerakoa borondatearen baitan gelditzen da; erabilera irizpideak gehienetan jarri gabe daude eta ezarrita daudenean ez dira ezagutzen edo ez dira erabiltzen; Osakidetza eta Ertzaintza Plangintzalditik kanpo daude eta bi Sail horien euskalduntzea opakua da oso; azkenik, herri administrazioen erdiek bakarrik dute erabilera plana; prozesuaren kanpo ebaluazio independenterik ez da egiten eta prozesua ez da elkarlanean egiten gizarte eragileekin. Horregatik guztiarengatik, Kontseiluaren aburuz, baldintza hauetan ezin da admi- nistrazioa euskaldundu eta behar-beharrezkoa da IV. Plangintzaldiak ezaugarri desberdinak izatea ez badugu nahi beste porrot bat. Izan ere, II. Plangintzaldiaren azterketa kritikoa egin genuenean hauxe gertatuko zela esan genuen, horrexegatik da, hain zuzen ere, iragarritako porrot baten kronika.

Nolanahi ere, aurrera begira eta epe laburrean honako neurri hauek hartu beharko lirateke Administrazioaren euskalduntzea norabide egokian jartzeko:

Administrazioaren euskalduntzeak epe zehatz eta ezagunak izan behar ditu; Erabilera plana Administrazio guztietan ezarri behar da, eraginkor eta zorrotz, eta hori betetzearen inguruko segimendua egiteko arduradunak izendatu behar dira; Administrazioak kontratatuko dituen langileek bi hizkuntza ofizialak ezagutu beharko dituzte; langile eus- kaldunak euskaraz lan egingo du euskarazko zirkuituan eta horretarako administrazio-atalak euskalduntzeko plan eraginkorrak ezarriko dira; lanpostu guztiek izango dute derrigortasun data; ezingo da salbuetsi ehuneko txiki bat besterik eta oso arrazoi nabarmenengatik, ez, ordea, 45 urte izateagatik; Administrazioaren euskalduntzeari eragiten dioten arau juridikoak aztertu eta aldatu egin beharko dira arestiko neurriak errazteko; euskarazko zerbitzua eta lana bermatzen duten hizkuntza-eskakizunak bakarrik hartuko dira kontuan; gizarte eragileekin estuki koordina- tutako planak izango dira kasu guztietan maiz, garden eta independenteki ebaluatuak; arduradun politikoek eta goi karguek euskara ez balekite, konpromiso publikoa hartu beharko dute euskaraz funtzionalak noiz izango diren iragarriz. Horiexek dira gure proposamenak, azterketa eta kritikak, mahai gainean jartzen ditugunak hartu eta baliarazi nahi dituenarentzat.

Garbi utzi nahiko genuke, ez dela zilegi erabileraren ustezko egoera txarraren erantzukizuna herritarraren bizkarrean jartzea. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak honako hau argitaratu zuen: «Onartu beharko genuke euskaldun askok, zabar eta utzikeria handiz tratatu duela euskara: Euskaldunon arduragabekeria da euskararen etsairik handiena». Euskararen etsairik handiena euskalduna bere herrian arrotz sentitzea da. Adibidez, Kultura Sailak Bilbon duen egoitzan sei lanpostu daude, 4k derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna dute, baina bi salbuetsita daude eta bat bete gabe; beraz, euskaldun bakarrak ezin ditu herritar guztiak atenditu eta horrek kexak sortu ditu. Euskaldunon zabarkeria al da euskararen etsairik handiena?

IV. Plangintzaldia eraginkorra izan dadin gure laguntza osoa du Sailburuordetzak, elkarlanerako prest dago Kontseilua eta borondatea izanez gero elkarlana gauzagarria dela erabat konbentzituta gaude, ekin diezaiogun elkarlanari.

* Ainhoa Castro (AEK), Joanmari Larrarte («Berria»), Agurtzane Loidi (Elhuyar-aholkularitza), Unai Larreategi (EHE), Gotzon Garmendia (Ilazki), Julen Etxeberria (Ikasbatuaz), Fermin Lazkano (Plazagunea)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo