GARA > Idatzia > Euskal Herria

Batasunarekin biltzeagatik abiatu auziak aurrera egitea ebatzi du TSJPVk

Biltzeagatik, Ibarretxe, PSEko bi kide eta Batasuneko bost kideren aurka abiatutako prozesua ez artxibatzea erabaki du TSJPVk. «Delitu zantzuak» badirela uste du epaileak eta horiek nahikotzat jo ditu aurrera egiteko. Ezker abertzaleak erabaki politikotzat jo du epaia.

GARA |

Juan Jose Ibarretxeren, Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSEko ordezkarien eta Batasunako Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Juan Joxe Petrikorena, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitiaren aurka abiatutako epaiketa ez artxibatzea erabaki du berriz ere EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJPV).

Epaileak, Roberto Saizek, ezker abertzalearen defentsa abokatuak, Jone Goirizelaiak, aurkeztutako helegitea baztertu du, bere iritziz «desobedientzia delituak izan direneko zantzuak baitaude». Goirizelaiak aurkeztutako helegiteari batu zitzaizkion PSEko ordezkarien eta lehendakariaren defentsak.

Atzo ezagutarazi zuten erabakiarekin, TSJPVk joan den ekainaren 28an hartutako erabakia berresten du. Orduan, aurreko eginbideak auzibide labur bilakatu zituen eta hamar eguneko epea eman zien alderdiei ahozko epaiketa hastea edota prozesuaren artxibatzea eskatzeko. Ezker abertzaleko bost kideei desobedientzia delitua eta Ibarretxeri, Lopezi eta Aresi, beharrezko laguntzaile izatea egotzi zien.

Epailearen arabera, auziak aurrera egiteko, nahikoa da «aintzat hartzeko zantzuak» izatea eta ez da beharrezkoa «froga laguntzarik». Defentsak bost eguneko epea du orain atzo jakinarazitako epai horri erantzuna emateko.

Ezker abertzaleak TSJPVk hartutako erabakia politikoa dela adierazi zuen. «Erabakiak argi uzten du herri honetan ez dagoela justiziarik, erakunde judizial ezberdinetan injustizia antidemokratikoa jaun eta jabe dela», salatu zuen. Bere esanetan, gainera, hori hala da Madrilgo Gobernuak eskubideak, berdintasuna, elkarrizketa eta negoziazioa zanpatzen dituen Alderdien Legea bultzatzen duelako.

Bilkurak

Bi bilera dira epaitzen direnak: alde batetik, joan den urteko apirilaren 19an Ibarretxek, Otegi, Barrena eta Petrikorenarekin izandakoa, eta bestetik, uztailean Otegik, Dañobeitiak eta Etxebarriak, Lopezekin eta Aresekin izandakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo