GARA > Idatzia > Zirikazan

De Villepin auzipeturik, Chirac arriskuan?

Clearstream afera ikertzen duten epaileek Dominique de Villepin Frantziako lehen ministro ohia auzipetzea erabaki zuten atzo. Era berean, Jacques Chiracekin elkartzeko debekua ezarri zioten.

Clearstream auziak Luxenburgoko finantza sozietate batetik hartzen du izena. 2004an, Renaud van Ruymbeke epaileak izenik gabeko eskutitz batzuk jaso zituen. Horietako batean, Nicolas Sarkozyren izena aipatzen zen. Garai hartan, Sarkozy Frantziako Lehendakaritzarako eskuineko hautagai faboritoa zen baina, izendapen ofizialik ez zegoenez, De Villepinek bere burua aurkezteko aukera zabalik zegoen. Idatzi horietan Sarkozyk, Clearstream konpainiaren bidez, armadako ontzien salmenta ilun batean lorturiko komisioak ezkutatu zituela aipatzen zen. Baina, epaileak jaso zituen dokumentuak faltsuak zirela egiaztatu ondoren, Jean-Louis Gergorin goi exekutiboaren testigantza iritsi zen: De Villepinen aginduetara aritu zela aitortu zuen Gergorinek eta, bere atzetik, Philippe Rondot jeneralak lehen ministroaren esku-hartzea berretsi zuen. Horren ondorioz, epaileek De Villepinen bulegoa arakatu zuten eta, auzia emeki-emeki itzaltzear zegoela zirudienean, Gergorinen idatzi sekretu batzuk agertu ziren. Bere aurkari politikoari kalte egiteko faltsukeriak zabaltzeagatik, Chiracen lehen ministroa auzipetzea erabaki zuten atzo epaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo