GARA > Idatzia > Txirrindularitza

KANPOTIK

Zakua altxatu behar orain

Gaizka LASA, (Karpin-Galicia)

Tourrean geratzen diren txirrindulari guztien gorputzek lanean jarraitzen dute. Azken egunetako berriak arreta errepidetik kanpo izatera eraman gaitu, baina azken bi etapetan bakarrik laurehun kilometro egin dituzte. Ez dira intentsitate handikoak izan, baina nekearen zakura zama gehiago erantsi dute. Badakizue zer gertatzen den zakuak gehiegi betetzen direnean. Lurrean daudela, beti zerbait gehiago jaso dezaketela ematen du. Baina korapiloa egiterakoan komeriak datoz. Edo lurretik altxatzen hasterakoan zuloak eragiten dizkiogu. Bada, antzeko zerbait gerta daiteke Tourrean. Zaku gehienek ez dute jada zama gehiago jasotzeko ahalmena. Azken bi egunetan jasotakoa azken pixarrak besterik ez dira izan. Baina gainezka dagoenarentzat sobera. Eta gaur zakua bizkarrera igo eta astindu ederrak ematea tokatzen da. 55 kilometroko bakarkako probak gorputzari maximoa eskatzen baitio, azken bi etapek ez bezala. Gaur erlojuaren kontrako saioetan hobeto nor moldatzen den baino gehiago nekearen zakua beteago nork duen ikusiko dugu. Hori fisikoari dagokionez. Baina buruak ere izango du, bai, bere pisua. Sailkapen nagusirako lehiatzen ari ez direnek atzo arratsaldean helmuga psikologiko moduko bat gainditu zuten. Bazekiten gaurkoa nola edo hala bete beharreko zigor txiki bat izango zela, eta biharkoa, berriz, sari handi bat gozatzea. Beraz, arratsaldeko errekuperazioa ere beste modu batera hartuko zuten. «Hemen zutik gehiegi egotea ez zaidala komeni? Hau jatea ez dela onena? Ohera lehenago joan behar nuela? Tira... hau bukatu da», pentsatuko zuten. Guztiz kontrakoa gertatuko zen jokoan hainbeste dutenen kasuan. Dena obsesio. Dena ezinbestekoa hain helburu altuak lortzeko. Eta horrek buruari ere nekea sortzen dio. Ikus dezagun, bada, nola dauden zaku horiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo