2007-2008ko denboraldia
Coleman pozik azaldu da jokalarien konpromiso handiagatik
Fitxatzeei dagokienez, horiek denbora hartuta egin behar direla uste du «iraganeko akatsak berriz gerta ez daitezen». Bestalde, gaur jokatuko du Realak denboraldi-aurreko lehen partida
GARA | DONOSTIA
Chris Colemanek denboraldi-aurreko bigarren prentsa agerraldia egin zuen atzo, Zubietan. Komunikabideen aurrean optimista azaldu zen galestarra, Realean aurkitu duen konpromisoak eta kontzentrazioak harritu egin baitu. «Ez neukan liga honetako jokalariekin inolako esperientziarik, baina hemen aurkitu dudan konpromisoarekin eta kontzentrazio- arekin benetan harriturik nago», adierazi zuen Colemanek.
Maria de la Peña presidenteak Reala Bigarren Mailako talde gogorrena izango dela adierazi zuen ostegunean. Entrenatzailearen iritziz, hitz horiek «presioa eragiten» diete, baina, aldi berean, taldearentzat onak direla uste du: «Gure kontrarioentzat urteko partida izango da gure aurkoakoa». Hori dela-eta liga asteko irrikaz dagoela esan zuen atzo galestarrak.
Fitxatzeak ere hizpide izan zituen galestarrak. Realak jokalari zerrenda bat badaukala onartu zuen, eta beste behin ere talde gipuzkoarraren gabezia nagusiak ezker hegalean eta aurrealdean daudela aitortu zuen. Hala eta guztiz ere, fitxatzeak denborarekin egin behar direla adierazi zuen entrenatzaileak, modu horretan, «iraganean egindako akatsak berriro gerta ez daitezen». Alde horretatik, «jendea pozteko eta hamaika fitxatze egin direla esateko» ez dutela fitxatuko adierazi zuen. Halaber, «fitxatzeak taldea hobetzeko soilik» egingo dituztela jakinarazi zuen.
Ezker hegaleko jokalari bat heltzea da memento honetan txuri-urdinen lehentasuna. Postu horretarako, David de Pablos Espanyoleko bigarren taldeko jokalariaren izena hizpide izan da azkenengo egun hauetan. Colemanek jokalaria ezagutzen duela adierazi zuen: «Kalitate handiko jokalaria da, eta guk postu horretarako jokalaririk ez daukagunez, interesgarria da guretzat».
Rivasen eta Gerardoren inguruan ere mintzatu zen Coleman. Haren ustean, Gerardok gauza asko erakusten die gazteei, jokalari beteranoa baita. Andaluziarra taldetik irtenez gero, «munduaren amaiera» ez dela izango esan zuen arren, «gazteen erreferientzia bat galduko» zela onartu zuen. Rivasi buruz, harekin hitz egin zuela jakinarazi zuen: «Bere egoera azaldu diot». Galestarrak honakoa azaldu zuen: «Jokalari asko daude erdialdean jokatzeko, eta Rivasen aurretik beste jokalari batzuk daude postu horretarako». Gainera, multzo txikiagoa nahi duela adierazi zuen. «24 jokalari asko dira; gutxiago behar ditugu taldean giro hobea sortzeko», esan zuen. Horrez gain, Zurutuza eta Haritz Borda gazteak utzita joatea nahi duela azaldu zuen. Modu horretan, txuriurdinekin hartuko ez duten esperientzia hartuko dutela uste du.
Gaur Lagun Onaken aurka
Beste alde batetik, lagun arteko partida jokatuko du gaur Realak Azpeitian (19.00), Lagun Onak taldearen aurka. Denboraldi-aurreko lehenengo partida horretarako hogeita bi jokalari sartu ditu deialdian entrenatzaile txuri-urdinak. Atzo azaldu zuenez, bi zatietan talde ezberdinak zelairatzeko asmoa du. Hala, «jokalarien benetako maila» ikusiko dela esan zuen Colemanek, baina partidako garrantzitsuena inork minik ez hartzea izango dela gogorarazi zuen.