GARA > Idatzia > Pilota

Andra Mari Zuriaren torneoa

Arriskua eta ikuskizuna, Zeledonen konpetentzia

Martinez de Irujok eta Mikel Goñik Olaizola anaien aurka jokatuko dute abuztuaren lauko arratsaldean

p053_f01_199x116.jpg

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Dena Juan Martinez de Irujoren osatze prozesuaren baitan egongo den arren, printzipioz ikuskizuna ziurtatua duen partida berezi baten alde egin dute enpre- sek Andra Mari Zuriaren feria irekitzeko. Izan ere, Zalduondoko baserritarrak hiriko jaiei hasiera emango dien ordu bertsuan, Martinez de Irujo-Mikel Goñi eta Olaizola anaiek feriako partidarik bereziena jokatuko baitute elkarren aurka Ogeta pilotalekuan. Lau aurrelarien arteko partida horretaz eta ohiko binakako txapelketaz gain, hilaren 7an, Martinez de Irujo eta Patxi Ruiz bikoteak Arretxe II.a, Retegi Bi eta Zubieta hirukoaren aurka jokatuko du.

Ohikoa den Buruz Buruko finalaren errebantxarik gabe, arrisku biziko hautua egin dute enpresek aurtengo feriarako, bi partida bereziak Juan Martinez de Irujoren eboluzioaren baitan geratu direlako -oraindik ere min hartuta dago- eta halako partida kaskarrak izateko aukera asko dituztelako.

Lehen partida horren ordutegia ere ez da enpresek eta batez ere zaleek nahi luketena, aurten Zeledonek 50. urteurrena betetzen duelako eta jaitsierak kalte egin diezaiokeelako. Hala ere, enpresek telebistekin dituzten konpromisoek hartara behartu dituzte Aspe eta Asegarce.

Lau aurrelarien arteko lehia hauek ez dira berriak pilota munduan, eta protagonistetatik hiru arituak dira antzeko lanetan. Orain bost urte, Donostiako Atano pilotalekuan, bai Asier Olaizolak baita Mikel Goñik ere atzeko koadroetan jokatu zuten, Goizuetakoak anaia lagun zuela, eta Oronozkoaren aurrelaria Titin izan zen. Garaipena Aspeko bikotearentzat izan zen orduko hartan, 22-13.

Mikel Goñik beste bi partida ere baditu atzelari gisa jokatutakoak; berriz ere Donostian eta Titin lagun zuela, Asier Olaizola eta Belokiri 22-17 irabazi zieten. Halakoetan Oronozkoak eta Triciokoak galdu duten partida bakarra Logroñoko Adarragan izan zen eta Aimar Olaizolaren eta Patxi Ruizen aurka 22-10.

Enpresek atzo jakinarazi zutenez, partida berezi horretako bikote irabazleak 4.000 euro izango ditu sari gisa; eta galtzaileek, aldiz, erdia.

Ezbairik gabe, Mikel Goñiren itzulera izaten ari da udako berririk onenetako bat, eta Oronozkoa pozik berriz ere handienen artean egotearekin, nahiz eta txapelketetan parte hartu ahal izateko orain arte erakutsitako bide onetik jarraitu beharko duen. «Berriro partida berezi bat jokatzeagatik pozik nago. Deitu zidaten ea jokatuko nuen, eta ni oso gustura. Nahiz eta lesionatuta egon, Irujorekin jokatzeak beti du bere morboa, eta niretzat partida polita izango da», azaldu zuen.

Torneoa osatzeko, hilaren 7an, asteartean, jaialdi misto bat antolatu dute enpresek, eta estelar gisa, Juan Martinez de Irujo eta Patxi Ruiz bikoak -sekula elkarrekin aritu gabeak- Arretxe II-Retegi Biren eta Zubietaren aurka jokatuko dute.

Titin, bere saltsan

Baina osatzeko partida berezi horietaz gainera, binakako torneoa izango da Andra Mari Zuriaren feriaren muina, eta bertan, Titin izango da beste behin izarra. Aurrelari errioxarra azken zazpi finaletan egon da; azken hiruretan Pascualekin, aurten ere lagun izango duenarekin. Bost aldiz irabazi du. Lehiaketak aurten bi finalerdi baino ez ditu izango. Lehena igandean izango da, hilaren 5ean, eta bertan, Titinek eta Pascualek Oinatz Bengoetxearen aurka jokatuko dute.

Bigarren finalerdia, hilaren 6an, Aimar Olaizolak eta Oier Zearrak eta Xalak eta Fernando Goñik jokatuko dute. Ondo bidean, torneoko finala hilaren 8an jokatuko dute gaueko hamarretan hasiko den jaialdian.

Ohikoa den moduan, Andra Mari Zuriaren torneo horretan gehien nabarmentzen den pilotariari Ogeta saria emango diote errekonozimendu gisa.

Torneoa

Azken hiru torneoak irabazi ditu Titin III-Pascual bikoteak, eta Bengoetxea VI.a-Belokiren aurka jokatuko du lehen finalerdia. Bigarrenean, Olaizola II-Zearra eta Xala-Goñi III.a lehiatuko dira.

Irujoren baitan

Feriako partida bereziak Juan Martinez de Irujoren baitan egongo dira; izan ere, oraindik ere ez dago jokatzeko moduan. Lau aurrelarien arteko neurketaz gain, Iberokoa, Patxi Ruiz lagun duela, Arretxe II-Retegi Bi-Zubieta hirukoaren aurka jokatzekotan da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo