Zapaterok Fillons-en «leialtasuna» eskertu eta errepresioaren alde egin du
ETAren aurkako ekimenean, Estatu frantsesa espainolaren eskutik joan ohi da. Atzo, lankidetza horren isla izan zen bilkura egin zuten, Zapatero eta Fillons bertan zirela. Madrilek Parisen «leialtasuna eta eskuzabaltasuna» txalotu zuen. Ordu batzuk lehenago, Zapatero gizarte espainolari zuzendu zitzaion, eta ETAren «arriskuen» gainean mintzatu zen. Era berean, polizia bideak goraipatu, eta errepresio estrategiaren aldeko hautua berretsi zuen.
ETA erakundearen aurkako estrategian, Estatu espainolak Estatu frantsesa du bidelagun. Atzo, «lankidetza» horren beste adibide bat ikusi ahal izan genuen, Estatu frantseseko lehen ministro François Fillons Madrilen izan baitzen Zapateroren Gobernuaren alboan egoteko «deliberamendu osoa» duela berreste aldera.
Gainera, ETAk Estatu frantsesean duen azpiegitura «murriztu» dela adierazi zuen. Erakunde armatuko kideak «gutxitu» eta «agian, antolakuntza kalitatea ere kaltetu» dela eman zuen aditzera.
Fillons Gobernu espainoleko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin bildu zen atzo, eta terrorismoari aurre egiteko erronkan «babes osoa» eskaini zion. Bilkuraren ondotik, alta, bi estatuen arteko harremanek «bikain bat merezi» dutela baieztatu zuen Zapaterok. Are gehiago, Estatu frantsesari «ezin zaiola gehiago eskatu» eta «Estatu espainolaren esanetara» dagoela nabarmendu zuen presidente espainolak.
Zapaterok bere homologoaren lana gorapaitu zuen; haren aburuz, Fillonsek bermatzen duen lankidetzak «leialtasun, laguntasun eta eskuzabaltasun handia» erakusten du.
Askatasunak gogor kritikatu zuen bilkura, eta polizia bideek gatazka konponduko ez duela oroitarazi zuen. Gainera, 30 urteren ostean «aski dela» esateko garaia dela deritzo.
Ordu batzuk lehenago, Estatu espainoleko presidentea gizarte espainolari zuzendu zitzaion, eta ETAren «mehatxuak» «arrisku larriak» dakartzala ohartarazi zuen. Haren aburuz, «Poliziaren arrakastak» begi-bistakoak diren arren, ez daude erakunde armatuak egin ditzakeen ekintzetatik salbuetsita.
Azken sei hilabeteetako balorazioa aurkezteko xedea zuen agerraldian, Zapaterok errepresioaren aldeko hautua berretsi zuen beste behin ere. Haren aburuz, azken asteetan lortutako «emaitzen bidetik» jarraitu behar da.
Gobernu espainolak, Estatu frantsesaren laguntzarekin eta polizien lankidetzarekin, atentatuak saihesteko balibide guztiak erabiltzen dituen arren, arriskuak badaudela adierazi zuen.
Hala eta guztiz ere, «Poliziaren ekintzan konfiantza osoa» duela azaldu eta polizia indarren lana txalotu zuen.
Bestetik, Juan Cruz Maiza, Iker Iparragirre eta Galder Cornago ostegunean Rodezen atxilotutakoak gaur eramango dituzte Parisera berri agentzien arabera. Astelehenean, epaileak deklarazioa hartuko die.
Ostegunean abiatutako miaketek jarraipena izan zuten atzo, eta etxebizitzan detonagailuak eta hainbat dokumentazio atzeman zituztela adierazi zuten polizia iturriek.
Atxiloketa horiek salatzeko mobilizazio ugari izan da gurean. Iparragirreren herrian, Azpeitian, adibidez, 300 lagun bildu ziren ostegunean, eta atzo lankideek elkarretaratzea egin zuten. Herriko alkateak ezohiko udalbatza batera deitu du gaurko, eta iluntzean manifestazioa izango da herrian.
Euroagindua abuztuaren 2an
Joan den asteazkenean Pablo Aperribai atxilotu zuten Tarbes inguruan, eta atzo izan zuen bere aurkako euroaginduaren berri. Datorren abuztuaren 2an Paueko Apelazio Auzitegian aztertuko dute neurria.
Atxiloketa unean, ez zuen ez dokumentaziorik ezta armarik ere. Hortaz, Estatu frantsesak, hasiera batean, behintzat, ezin dio inolako deliturik leporatu.
Fillons-en eta Zapateroren arteko bilkura bi estatuek hartutako «gerra estrategiaren» adierazpena da Askatasunaren esanetan.