GARA > Idatzia > Gutunak

Naiara Larrea Mendieta Derio

Amorruak ez zaitzatela itsutu, Jokin!

Lehengoan, Kontseiluko ildo politiko instituzionaleko arduradunak idatzitako artikulu batzuk hautsak harrotu dituzte antza denez Jaurlaritzaren bulegoetan.

Asmo onak, dirua, propaganda... ez dira nahikoa euskararen normalizaziorako. Neurriak behar dira, borondate politikoa neurri eraginkorrak ezartzeko. Plangintzak egin behar dira, ados. Plangintza orokorrak, epe zehatzekin eta neurri argiekin; baina betiere plangintzok bete egin behar dira.

Jokin Azkueren izenean bidalitako erantzunean, baina, galdera argi horri erantzun ordez beste hamaika kontu aipatzen dira, hala ere, guztiei ezin erantzun toki falta dela eta.

Batetik egiatzat jotzen ditu administrazioaren lorpentzat dituenak. Eta orain dela 5, 10 edo 25 urte baino hobeto gauden edo ez gaudenaren inguruko eztabaidan murgiltzen da. Zoritxarrez, euskarak aurrera egin dezan, Euskal Herriaren euskalduntzea lortzeko eztabaida beste bat dugu: euskarak aurrera egin dezan zeintzuk dira beharrezko dituen minimoak? Galdera honen erantzuna izan behar da Hizkuntza Politika egoki baten ardatza.

Zeri deritzot Hizkuntza Politika egokia? Euskal Herri euskalduna duena helburu, euskara berreskuratzea duena helburu, euskara baita Euskal Herriko berezko hizkuntza, euskaldunok eus- karaz biziko den herri bat nahi dugulakoan bainago. Euskal Herriak herri bezala eskubidea baitauka bere hizkuntzan bizitzeko, horrela izan behar du ezinbestean, euskararik gabe Euskal Herririk ere ez baitago.

Gaur egun, zalantzak dauzkat Jokin Azkuek eta gutun horren atzean daudenek, inondik inora nahikoa egin ote duten beraiei dagokien administrazioaren eremua euskalduntzeko, zalantzak dauzkat euskalduntzea ote den beraien helburua (ala diskurtso horren atzean euskara bigarren mailako hizkuntza bezala mantentzea gordetzen ote den). Hau pentsatzeko datuak egon badaude: Osakidetzarako azken oposaketak, Ertzaintzarako lan eskaintza, bete ez diren plangintzak... Administrazioa eredu izan behar litzateke, eta zoritxarrez ez dugu.

Bestetik, amorruz idatzitako erantzuna iruditu zait. Badirudi herritarrok bagarela nor administrazioaren egitekoak baloratzeko, baina Kontseiluaren esanak, berriz, ez direla aintzat har- tzeko modukoak. Nire iritziz, herritarrok bagara nor baita Kontseilua ere. Kontseiluak euskararen aldeko mugimenduaren izenean berba egiten du, bere baitan biltzen ditu hain zuzen ere urteetan euskararen alde lan militantea eta profesionala egiten dabiltzan hainbat eragile, eta bere esanak euskaldunontzat erreferentzia duina eta argia direlakoan nago. Kontseilua bada nor euskalgintzaren izenean berba egiteko, Kontseiluaren interes bakarra Euskal Herri euskalduna lortzean dago eta bere ekarpenak norabide horretan egiten dituelakoan nago, pausoak egokiak direnean txalotuz, ez nahikoak direnean hala adieraziz eta salatuz. Elkarlana mesedegarria da, baina tamainako erantzunekin zalantzak ditut egon daitekeen borondatearen inguruan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo