GARA > Idatzia > Pilota

ZESTA Masterra

Erkiaga eta Lopez gazteek nagusitasun handiz irabazi dute Markinako txapela

Ispasterko aurrelariak bikain amaitu zuen tantoa, eta bere lehen txapel handia jantzi zuen profesionaletan orain dela hilabete debuta egin eta gero

GOIXERRI-ARRIAGA 23

ERKIAGA-LOPEZ 35

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Aritz Erkiagak ez du denbora handiegirik behar izan profesional mailan bere lehenengo txapela janzteko. Ispasterko aurrelari gazteak bere jokorik onena atera zuen ostiral gauean, eta Imanol Lopez oso indartsu baten laguntzarekin, Markinako Masterraren finalean Goixerriri eta Arriagari 35 eta 23 irabazi zien. Debuta egin zuenetik hilabete baino pasatu ez bada ere, koadroko pilotari onenei aurre egiteko gai dela erakutsi du bizkaitarrak.

Urdinak ez ziren, ordea, nahi bezain ongi hasi. Atzeko koadroetan Jon Arriagak bere esperientziari esker ongi eusten zion Lopezi, eta Goixerrik -ostiralean ere izan zituen jarraitzaileak harmailetan- aukera batzuk izan zituen aurrean tantoa ederki amaitzeko. Gipuzkoarren minuturik onenak izan ziren horiek, baina Lopezek huts batzuk egin zituen arren, ez zuten lortu markagailuan alde egitea.

Baina 13nako berdinketaren ondoren, Zumaiako atzelariak pilota aldatu zuen eta hortxe hasi ziren komeriak Goixerri eta Arriagarentzat. Material fuertearekin, Lopez jaun eta jabe bihurtu zen atzean, eta Aritz Erkiagak tantoa amaitzeko aukera izan zuen behin eta berriro.

Baita ongi bukatu ere. Bizkaitarrak 17 tanto egin zituen guztira: 3 hormabiko, 6 dejada, 7 moztuta eta beste bat «txi-txak» bidez. Urdinek tarte polita atera zuten markagailuan, eta ez zuten batere arazorik izan partida irabazteko.

Pena izan zen partidaren bigarren zatian gorriek joko gehixeago atera ez izana, lehiak ez zuelako emozio handiegirik izan erdialdetik aurrera. Goixerrik, Mutrikun txapela irabazi eta gero, ez zuen bere egunik onena izan -2 hormabiko eta 3 dejada-, eta huts gehitxo egin zuen partidaren azken txanpan.

Azkenean, txapelketako partida izan ez arren, emozio eta ikuskizun handixeagoa eskaini zuena jaialdiko aurreneko partida izan zen. Bertan, Bereikuak eta Praderak 30-25 gainditu zituzten Lejardi eta Goitia. Aipagarria bi aurrelarien lana, errematean oso bizi aritu zirelako elkarri min handia eginda. Gainera, Fernando Lejardiren azken partida izan zen Ameriketara itzuli aurretik. Diotenez, Markinako zaleak oso pozik geratu dira Bolibarko aurrelariarekin, oso serio aritu delako eta errematerako abilezia duelako.

Alliez, min hartuta

Bestalde, Laurent Alliezen lesioak bertan behera utzi zuen Donibane Lohizuneko abuztuko Nazioartekoen bigarren jardunaldia. Paueko atzelariak bigarren seteko azken tantoan eskuin belaunean min hartu zuen, errebote bat bueltatzerakoan gaizki erorita. Tanto horri esker, Landerrek eta Irastortzak 13 eta 15 irabazi zuten bigarren jokoa, partida bana berdinduta, baina Alliezek ezin izan zuen hirugarren seta jokatu.

Ordura arte, borroka polita izan zen. Luis Mari eta Laurent bikain hasi ziren, aurrelaria batez ere, eta jokaldi oso politak sinatu zituen lehen jokoan. Laguna, berriz, oso seguru ibili zen paretean, batez ere errebesez jokatuz, eta Irastortza baino gehiago izan zen. Lehen jokoan 15 eta 11 nagusitu ziren. Bigarren seta orekatuagoa izan zen, Irastortzak nabarmen egin baitzuen hobera. Hala ere, lan asko egin behar izan zuen, zortzi berdinketen ostean, bigarren seta irabazteko. Sailkapenari begira, puntua Lander-Irastorzarentzat.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo