Mikel Aramendi Kazetaria
Musharraf soldadua salba dezagun!
Turkian jazotakoaren ondorio kolaterala ere izan daiteke, ez dakit. Edonola ere, David Miliband-ek, Foreing Officeko arduradun berriak, Islamabadera egin duen bisitaldiak Spielbergen «Saving Private Ryan» gogorarazi du, benetan.
Ez noski Musharraf jeneralak Tom Hanksen antzik duelako. Izatekotan, uniformea eta kaskoa jantzita, Miliband berak eduki lezake James Francis Ryan soldaduaren itxura pittin bat. Baina ez dut uste Trotski eta Tukhatxevskiren Armada Gorrian ibili zen aitonaren eitea horrenbesteraino iristen denik. Eta Ralph Milibanden semea horrelakoak jaulkitzen ikusteak badu bere morboa, ez pentsa. Egia da mutila haurtzaindegian edo hor nonbait izango zela aitak Vietnamgo gerrari buruz epelak botatzen zituenean; baina, gutxienez, irakurriak izango ditu... Eta Mushar- rafi Van Thieuren itxura hartzea ez da horren zaila, nik uste...
Kontua da Gordon Brownen Kanpo Arazoetako arduradun berria, ezkertiar pedigri oneneko mutila, «mugimendu berrien» arduralaritzan trebatua, Kouchnerren biki moduko bat baina 25 urte gazteagoa, Pakistanera joan dela bere lehen irtenaldi ofizialean... «realpolitik» zaharkituenean zaildutako krokodiloetako edozeinek esan lezakeena errepikatzera: Musharraf berme bat dela «terrorismoaren aurkako borrokan», Pakistanen egonkortasuna hil edo bizikoa dela Erresuma Batuarentzat, ekintza militarrak eta garapen ekonomikoa uztartuz gauzak aurrerabidean daudela,... bla, bla, bla! «Hau da gure gizona; berarengan ditugu geure itxaropen guztiak» adierazteko modu aldrebes bat, besterik gabe.
Nori adierazi? Ez, noski, pakistandar arruntei. Mesede kaskarra egingo lieke urriko hauteskundeei begira Musharrafek eduki ditzakeen posibilitateei. Eliteei begira esandakoak ziren Miliban- den hitzak. Iftikhar Chaudhry epaile gorena eduki zezakeen buruan, adibidez. Lau hilabetez Musharrafekin eduki duen norgehiagoka bortitza irabazi ondoren ez dadin gehiegi harrotu eta, hainbeste hildako eragin dituen borrokaren hasierako zergatia (Musharrafi urriko hauteskundeetan parte hartzen ez uztea) bete ez dezan. Edota Meskita Gorriko sarraskiaren ondoren estatu kolpe edo magnizidio bat hausnartzen ari daitezkeen militarrei eta inteligentzia zerbitzuei begira. Edo oposizioko partidu tradizional aspertuei begira...
«Sole Survivor Policy»... baina alderantziz. Musharraf beste hauturik ez dauka Inperioak.