Ixabel Etxeberria Irakaslea
Hau ez al da gezurra boterean?
Aste honetan, Afrikan iragan da. Zortzi erizain zeuden Libian eta auzitegiaren aurrean heriotza zigorra zen zalantzan. Urteetako afera. Urteetako zama. Zezilia heldu da eta arazoa konpondua da. Sekula ez zen horrelako presidenterik izan Frantzian. Horrelako eraginarekin lan egiten duen presidenterik. Gainera, eta horrela adierazia izan zaigu, lanpetua denez andrea igortzen du arazo delikatuak direlarik.
Frantses diplomazia guziarentzat, prentsa guziarentzat, humiliazio publikoa izan da, gezurra izateaz gain noski. Izan ere, aspalditik ari baitziren Europa erdialdeko herriak erizainen askatasuna negoziatzen, baina Sarkozyk une egokia hautatu du bere irudia egunkarien azaletan agertzeko, familia eta guzti. Hemen, ez dugu erregetzarik, baizik eta sortzeko bidean errege-erregina errepublikan kontzeptu berria. Biharamunean, Sarkozy Tripolin zegoen Libiarekiko komertzioa martxan emateko. Nuklearraren inguruko materialik ez zegoela elkarrizketan sartzen, agindu zuten. Emaitzetan, uraren tratatzeko, nuklearrean oinarritutako sistema, saldu dutela iragarria izan da ondotik. Sarkozyk, zinez, gezurraren eta egiarekin benetako arazoa dauka. Haatik, prentsari ez zaio tripako minik sortzen, ez baitu baitezpada erreakzionatzen.
Chiracek, epailearen aurrean pasatu behar izan du. Orai arte, saihestu zituen epaitua edo soilik inkulpatua izateko arrisku guziak, baina gaur egun biztanle arrunta bihurtu denez epaileak deitu duelarik joan behar izan du. Biztanle arrunta erratea txantxa hutsa da noski, kazetari batek aurkitu zuen, politika eta industria ukitzen zituen diruari lotutako eskandalo harrigarria, bere mugara heltzen ari baita. Villepin inkulpatua da, baina epaileek jasanen dituzten presioek ez dukete afera luzerako aurrean.
Haatik, afera horren hastapenetan kazetari bat izan zela agertzea interesgarria da, Denis Robert deitzen dena, diruaren mugimendu askatua salatzeko aukera eman baitu. Baina, kazetari honek beste mugimenduetan ere agertu du bere burua, finantza ustelduaren kontrako borrokan alegia. Berak bultzatu zuen Geneveko deia, epaile batzuen elkartea korrupzioaren kontra aritzeko, talde horretan euskaldunen kontra ari den epaile bat delarik. Harritzekoa da tortura babesten duen epaile bat onartzen dutela horrelako egituretan lan egiteko! Batzuetan beltz, beste batzuetan zuri, segun...
Goi mailako aktualitatea hori dena. Gertakari arruntetan, erran nahi baita jende arruntarentzat, kontrol batean Pariseko geltoki batean poliziak gizon bat hil du. Sei tiro. Defentsa hutsean hil omen dute. Ez dugu besterik jakinen. Sarkozyren demokrazia baita. Kamerak ez dira horretara zuzenduko, alderdi horretatik agintarien irudiak ez baitu deus irabazten.
Honek guziak egin du aste honetako aktualitatea. Horrek erakusten digu batzuentzat justizia oso malgua dela, beste batzuentzat irudiaren manipulazioa funtsezkoa dela boterean geldi- tzeko. Gu, Tourreko dopatzeen uholdearekin okupatu gaituzte, benetako gaixtoak nor diren jakin dezagun. Hau ez al da gezurra boterean?