GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Udalen osaketa

Sabin Etxeko aginduen aurrean amore eman ez, eta alkatetza hartu du EAE-ANVk Mendexan

Maiatzeko hauteskunde egunetik kasik bi hilabete igaro diren arren, atzo jakin zuten mendexarrek eurek emandako bozen araberako udal berria zein izango den. EAJk, ostiralean, Bilbon, herrialdeko Aldundian, Alderdien Lege espainolaren araberako udal gestora osatu bazuen ere, mendexarrek bigarrenez argi esan zuten herriaren borondatea zein den.

p011_f01.jpg

Udala osatzea erakunde egitasmoa bada ere, jai giroan egin zuten atzo mendexarrek, udalerriko jaiak egunotan dira-eta. Hala, lehenbizi, Mendexa datozen lau urteotan gidatuko duen taldea aukeratu zuten udaletxean, eta kideek karguak hartu eta herri borondatea errespetatuko dutela zin egin eta gero, alkatearen lehen hitzak entzun ziren. Ostean, kanpoan, herriko usadioari jarraiki, alkate berriak bere burua herritarren aurrean aurkeztu zuen. Halakorik ez da ikusi Mendexan joan den maiatzaren 27az geroztik; halakoa ere ez zen izan, baina datozen lau urteetan mendexarrak gobernatzeko hainbat lagun aurkeztu zituen EAJk joan den ostiralean, Bilbon. Hura ere erakunde ekitaldia izan zen, baina ez zen herritarrik egon. Mendexakoak diren EAJko kiderik ere ez zen izan, gestoran bat bera ere ez baita bertakoa.

Eguerdiko hamabiak pasatxo zirela, Mendexako plazan bildua zen makina bat lagun udaletxera sartzen hasi zen. Mahaiaren bueltan, EAE-ANVko lehendabiziko lau zerrendaburuak eseri ziren. Aurrez aurre, berriz, herritarrak. Idazkari lanak eginez, emakume batek hitza hartu, eta udal hauteskundeetako emaitzen berri eman zuen.

Alkate, makila eta guzti

Herrian, orotara, 269 biztanle bizi dira. Alderdi ekintzaileak bozen %55 eskuratu zituen; 147 boto. Hala, lau zinegotzi ditu, eta horien artean alkatea. EAJri, aldiz, 105 bozekin, hiru zinegotzi dagozkio, eta PPk lau boz lortu zituen.

Emaitza horiek kontuan hartuta, Mendexako Udala osatu zuten jarraian: alkatea, Aitor Idoiagabeitia, eta EAE-ANVko gainerako hiru zinegotziak, Jose Luis Goenaga, Jon Juaristi eta Amaia Ugarteburu.

Txalo artean jaso zituzten bertaratu ziren dozenaka herritarrek agintari berriak. Makila eman zioten Idoiagabeitiari, eta haren argazkia gainerako alkateen alboan jarri zuten. Hala, makila eskuan, alkate gisa lehen hitzak egin zituen.

Maiatzeko hauteskundeez hitz egiten hasi zen alkatea, eta orduko emaitzak Mendexako EAJk ongi baino hobeto ulertu dituela esan zuen. Horren isla izan zen ekainaren 16an udala ez osatu izana EAJko kideek kargurik ez zutelako hartu. Birritan nabarmendu zuen ez zela inolako «presiorik» egon hori gertatzeko, eta, hala, hainbat agintari jeltzaleren esanak ukatu zituen. Are gehiago, udalerriko EAJren eta EAE-ANVren arteko harremanak egokitzat jo zituen.

Sabin Etxearen aginduak

Sabin Etxean, ordea, berdin ez dutela pentsatzen agerikoa dela esan zuen. Gogora ekarri baitzuen joan den ostiralean Bilbon «legea bete behar zuten aitzakiapean» udal gestora osatu zutela.

Jeltzaleen aitzakiari ere irtenbidea bilatu zion Idoiagabeitiak, eta, gainera, legedi espainolaren araberakoa: LOREGen 182.2 artikulua aplikatu izana. Edo aplikatzea. Oraindik ere, borondatea izanez gero behintzat, egingarria dela esan baitzuen.

«Jakin dezatela zero bozekin jarri dituen udal gestorako kideek ez dutela inolako zilegitasunik. Mendexak ez ditu onartuko. Hurrengo lau urteetan, EAE-ANVk herriak eman dion ardura beteko du. EAE-ANVk bere herri proiektua aurrera eramango du, nahiz eta EAJren ahalegin etengabea ezker abertzalea paretik kentzekoa izan», azaldu zuen Aitor Idoiagabeitiak, oraindik akordiorako bideak «zabalik» daudela azaldu eta gero.

Horretarako, akordiorako, zer behar den ere azaldu zuen: «EAJk Mendexan EAE-ANVren 147 bozak onartu eta kanpotik dakartzan gestorako kideak paretik kendu behar ditu. Gainera, Bizkai Buru Batzarrak itxi dituen ateak zabaldu, Francoren garaiak gogora ekartzen dituen praktika antidemokratikoak alde batera utzi eta herriko alderdi politikoei batera lan egiten utzi behar digute».

Udaletxeko ekitaldia amaitutakoan, kanpoaldean, dantza bidez, udalerrian ohitura duten harrera egin zioten alkate berriari. Eta agurtzeko Eusko Gudariak abestu bazuten ere, lehenago bertsolari batek ongietorri kantua egin zien oraindik Mendexara bertaratu ez diren EAJko gestorako kideei: «Nahiz EAJk mendixarroi ahotsa nahi doskun mugau, hauteskunditan herrien nahia gelditu zan argituta; kanpotar batzuk datoz gugana inon kargua hartuta, gure berba isilduta udaletxea ostuta; sokatik tira egin bihar jako indarra sobran dogu ta, herria daukie euren aurrean, oaintxe hasten da borroka».

Gari MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo