GARA > Idatzia > Ekonomia

Erraldek finantzabide propioekin eraikiko du hiltegia Berrizen

Durangoko hiltegiko instalazio zaharrak berriz martxan jarri zituztenetik bost hilabete igaro dira, eta datuek jarduera errentagarria dela baieztatu dute; hala, hiltegia ixteko eman zuten arrazoi nagusia gezurtatuta gelditu da. 14 udalek osatzen duten Erralde sozietateak esan du hiltegi berria 2009ko udaberrirako martxan izatea espero duela; beharrezko finantzabideak lortu ditu, erakundeen laguntza barik, eta bertoko produkzioa sendotzea du lehen helburu.

p022_f01_199x140.jpg

Nerea GOTI |

Aurrez ikusitako epeak betetzen doaz, eta Berrizko Eitua auzoan egongo den hiltegi berria eraikitzeko lanak urtearen amaieran hastea espero dute Erralde sozietateko kideek. Lur-zorua erosteko tramiteak egiten ari dira gaur egun, eta proiektuaren ezaugarriak zehaztuta daude. Horiek hala, eraikuntza proiektua esleitzeko lehiaketa irailean egingo dutela jakinarazi dute, eta zerbitzua 2009. urteko udaberrirako martxan egotea espero dute.

Hiltegi berriak behiak, ardiak eta txerriak hilko ditu. Hala eta guztiz ere, ez da animalia horiek hiltzera mugatuko. Zatidura gela eta behien okela zatituta hozkailuak erabiltzeko aukera emango dute. Hiltegi berriko kortak animaliak ahalik eta ondoen senti daitezen diseinatuko dituztela nabarmendu dute proiektuaren arduradunek, «oso garrantzitsua» baita okelaren kalitaterako.

Beste alde batetik, instalazio berrietan ura aurrezteko neurriak jarriko dituztela jakinarazi dute, bai eta energia aurrezteko eguzki plakak ipiniko dituztela ere.

Ezaugarri teknikoez gain, badago bultzatzaileek nabarmendu duten proiektuaren beste alde bat: hiltegi berriaren izaera. Izan ere, Abadiño, Amoroto, Atxondo, Aulesti, Berriz, Elorrio, Ereño, Mallabia, Mañaria, Mendexa, Garai, Ispaster, Izurtza eta Otxandio herrietako udalek finantzabide propioak lortu baitituzte, erakundeen laguntza barik. Hala eta guztiz ere, honakoa azaldu dute: «Horrek ez du esan nahi laguntza publikorik eskatuko ez dugunik, eskubidea badugulako, baina diru publikoak ez du jarduera baldintzatuko, ez duelako horrelako dependentziarik izango».

Bizkaiko EHNE sindikatua proiektuaren bultzatzaileetako bat da. Atzera begiratuta, eta Durangoko Hiltegiko Mankomunitatea desegin zenetik gaur arte gertatu den prozesua oso positibotzat jo du.

Lakuako Gobernua zerbitzuak biltzearen alde agertzen da; ez, ordea, sindikatua. «Sindikatuak eskualdeko hiltegiak mantentzearen aldeko apustua egin du beti, eta gaur egun Durangoko hiltegi zaharrean egiten ari diren jarduerak argi erakusten du proiektuaren bideragarritasuna eta sektorean sortu duten ilusioa», adierazi zuen. Salterainek erabiltzaileen kopurua nabarmendu zuen, mila baserritar baino gehiago izan baitira jadanik, eta egitasmoak duen ikuspegi soziala goraipatu zuen; izan ere, bertoko produkzioa sendotu eta kalitatea bermatzen du, makroproiektuen ereduak ez bezala.

Hiltegi berriaren etorkizunari buruz, Salterainek adierazi zuen produkzioa handitzearen eta mota horretako beste proiektu batzuekin harremanak izatearen alde dagoela; Oñatikoarekin, esate baterako. Izan ere, Durangoko esperientziak beste batzuei bidea zabaldu diela uste du EHNEko kideak, eta Araban baserritarrak, harakinak eta EHNE sindikatua kide diren elkarte bat sortuta dagoela gogorarazi zuen Salterainek.

gaitasuna

Eskualdeko hiltegiak bideragarriak direla eta udalak finantzabide propioak lortzeko gauza izan direla erakutsi du Erralderen proiektuak, hipotekatzeko duten gaitasuna murriztu barik, nabarmendu dutenez.

Del orden del 75% del ganado de Bizkaia se sacrifica ahora en Durango

En los 5 meses que lleva en funcionamiento desde su reapertura a cargo de la sociedad Erralde, en las antiguas instalaciones del matadero de Durango se han sacrificado ya 3.000 animales, con una media de 300 kilogramos de carne por cabeza, lo que supone que entre el 70 y el 75% del ganado de Bizkaia se sacrifica en ese matadero, según datos aportados por los gestores del servicio.

El «secreto» está en el servicio que dispensa Erralde, el faenado tradicional, lo que unido a la apuesta por la calidad y la cercanía al productor, han atraído ya a un millar de baserritarras. N.G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo