GARA > Idatzia > Arrauna

San Miguel Liga

Hordagoarekin erantzun dio Urdaibaik Orioren enbidoari

Bermeoko ontziak lehiaketako hirugarren bandera irabazi du Castron, eta, gainera, lidergoa ere eskuratu du larunbatetik igandera egoten diren alde handiak nabarmen erakutsi dituen estropada batean

p044_f01_097x180.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Ez dago txantxarik. Ezta erdibiderik ere. Urdaibaik sekulako erakustaldia eman zuen Castroko estropadan, eta, bandera irabazteaz gain, San Miguel Ligako lidergoa lortu zuen uztaileko azken proba puntuagarrian. Oriok bosgarren amaitu zuen, bidean puntu dezente galduta, eta aipagarria benetan lehen txandan Zumaiak eta bigarrenean Pedreñak egindako lan bikaina.

Beste behin, larunbatetik igandera ikaragarrizko aldeak ikusi genituen Castron. Bezperan, Oriok Urdaibairi 12 segundo sartu bazizkion ere, atzo bermeotarrak izan ziren nagusitasunez ohorezko txanda irabazi zutenak, eta Oriori, adibidez, 13 segundoko aldea atera ziotenak.

Lehen ziabogara arte Hondarribiarekin parean ibili ziren bizkaitarrak, baina bigarren luzetik aurrera aurkariak atzean utzi eta Pedreñak aurrez ezarritako denboraren aurka aritu behar izan zuten. Azkenean, bost segundoan hobetu zuten haien marka, eta atzetik, Castrok larri-larri hartu zien aurrea Oriori eta Hondarribiari; izan ere, segundo baten barruan sartu ziren.

Urdaibaik ligako hirugarren bandera irabazi zuen honako tripulazioarekin: Carlos Rodriguez, Xabier Bereziartua, Javier Polo, Sergio Carrion, Xanti Zabaleta, Aitzol Arrizabalaga, Mikel Portularrume, Juan Antonio Duñabeitia, Gaizka Olazar, Iker Zabala, Miguel Angel Millares, Gorka Olazar eta Xabier Zulaika, Asier Zurinaga patroi zela.

Bigarren txandak ere ikuskizun handia eskaini zuen. Pedreñak egindako erlojupekoa, batetik, kontuan hartzekoa izan zen. Irteeran ihes egiteagatik 3 segundoko zigorra jaso arren, Urdaibairen markatik oso gertu geratu ziren eta lehiaketan orain arten lortu duten posturik onena erdietsi zuten Castron.

Zarautz, bestalde, bigarren ziabogan balizarekin erabat kateatuta gelditu zen eta emaitza on bat lortzeko aukerak galdu zituen. Azkenean, hamaikagarren amaitu zuen, denboraldiko emaitzarik kaxkarrena, eta ohorezko txanda asko urrundu zaie zarauztarrei.

Zumaiaren bi aurpegiak

Eta beste behin, txalogarria Zumaiak igandean egindako estropada. Lehen txandan arraun egin arren, sekulako denbora egin zuen eta bezperako emaitza txarrari buelta eman zion goitik behera. Ez da erraza zergatia azaltzen, baina zumaiarrek 11 puntu batu dituzte larunbatez jokatutako estropadetan, eta 34, igandez egindakoetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo