GARA > Idatzia > Kultura

Metheny Mehldau bikoteari txiki gelditu zitzaion plaza

Anartz BILBAO

Aurtengo Jazzaldiko azken txanpan sartuta, ikaragarria larunbat iluntzeko eskaintza. Batetik, Wayne Shorterren saxofoi astindua Kursaalen, Donostia Jazzaldia saria jaso ostean, eta, bestetik, Pat Metheny eta Brad Mehldau Trinitate plazan, sarrerak aspaldi agortuta. Gutxi balitz bezala, Neneh Cherryren Circus talde berria doan hondartzan.

Pasa den astean iragarri bezala, Mehldau eta Methenyren zuzenekoa luze joango zela-eta, aurretik aritzekoa zen Bojan Z hondartzako agertokira eraman zuten, bikote iparramerikarrak nahi beste jo zezan. Baita jo ere! Bi ordu eta erdi luzeko zuzeneko magikoa bizi izan genuen herenegun piano eta gitarrarekin hasi eta taldean, kontrabaxua eta bateria lagun bukatu zen emanaldian.

Patrick Bruce Metheny Missourin 1954an jaiotako gitarra-jotzaile iaioa dugu, bakarka, bikotean zein Pat Metheny group taldeko buru bezala lan ugari argitaratutakoa. Azken hamarkadetan jazz gitarra-jotzailerik bikainenetzat hartua, Brad Mehldau piano-jotzailearekin batera bi disko argitaratu ditu azken bi urteetan, Jazzaldian aurkeztu zituztenak. Brad Mehldau ere iparramerikarra dugu, baina gazteagoa. 1970ean Floridan jaioa, piano-jotzaile fin legez asko nabarmendu da azken urteotan. Keith Jarrett eta Bill Evansekin konparatu izan duten pianista batik bat hirukotean aritu izan da herenegun lagun zituen Larry Grenadier baxu-jotzailearekin eta Jeff Ballard (edo Jorge Rossy) bateria-jotzailearekin.

Beteegi ageri zen plazan (ez esertzeko ez pasatzeko tokirik gabe), sekzio erritmikorik gabe jo zuen bikoteak zuzenekoaren lehen zatia, aurkezpenik egin gabe «Unrequited» xumearekin hasita. Mehldauk jendeari lepoa emanez jo zuen pianoa, eta Methenyrekin konplizitate bikaina erakutsi zuen. Intimitate handiko pasarteak gozatu genituen «Annie´s Bittersweet Cake», «Make a Piece» hipnotikoarekin eta «A Night Away» delikatuarekin. Bikoteak iaz Nunesuch zigiluan argitaratu zuen «Metheny/Mehldau» lanean oinarritu zuen lehen atala, eta gero laukotean aurten argitaratu duten lanera jo zuen, «Metheny Mehldau Quartet».

Hiru ordu laurden zoragarri horietan batak edo besteak bakarka ekiten zion soloak garatzeari, eta gero bikotean abiadura hartzen zuten. Garapen luzeko kantu intimoak. 5. kantuan Mehldauk laguntzaileak aurkeztu zizkigun «En la tierra que no olvida» jotzeko. Sekzio erritmiko bikaina, alajaina!

Laukotean berotasuna hartu zuen gauak, soloak eta laukotearen abiadura txandakatuz «Ring of Life» edo «Sound of Water» kantuetan, txalo zaparrada sutsuen artean. Altuera hartu zuen orduan saioak eta ikus-entzuleria txundituta zela «Towards the Light», Milton Nascimientoren «Vera Cruz» edo «Lauderdale Waltz» jo zituzten elkar ulertze harrigarrian. Methenyk soinu akustikoagoa atera zion gitarrari bikotean, gero laukotean elektrikoagora jotzeko (kantu batean soka ugari eta bi mastildun gitarra erabili zituen). Bera da ezbairik gabe taldeburua, sarrerak eta soloak garatzen dituena. Laguntza bikaina izan zuen gitarristak, eta nabarmentzekoa da bateria-jotzaile trebearen lana. «Fear and Trembling» eta «Say the Brothers Name» kantuek itxi zuten gau magikoa txiki gelditu zitzaigun Trinijazz plazan.

Fitxa

Data: Uztailak 28.

Lekua: Trinitate plaza.

Ordua: 21.00etan.

Sarrera: 40 euro.

Publikoa: 2.676 entzule.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo