GARA > Idatzia > Irrati-telebista

«La radio encendida», irratiari begira Roberto Mosoren eskutik

Fikzioa eta errealitatea uztartuta, irratia oinarri duen eleberria argitaratu du berriki Roberto Moso kazetari eta Zaramako abeslari ohiak. Bederatzi testu labur eta CD baten bidez, hamarkada pare bat atzera egin eta orduko garaiei erreparatzea proposatu du.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Bederatzi ipuin labur eta CD baten bidez, atzera begiratua eskaini du Roberto Moso kazetariak «La radio encendida» izendatu duen bere hirugarren argitalpenean. Irratigintza izan du oinarri Zaramako abeslari ohiak eleberri sorta plazaratzeko orduan eta, Mosok berak azaldu duenez, bizipen propioetatik abiatutako fikzioek osatu dute argitalpenaren mamia.

«Batzuk fikzio hutsa dira eta beste batzuek nire bizipenetan dute oinarri, baina, oro har, esan dezakegu nire belaunaldikoak edo ondoko belaunaldiko jendea identifikatua sentituko dela, hor azaltzen baitira izandako jaiak, ezusteak, berri onak zein txarrak, militantziak, egiazko istorioak eta baita amodiozkoak ere, ezagunak zaizkigun memento asko», azaldu du. Batzuetan irratia bigarren mailan geratzen dela zehaztu du, adibidez, «istorio baten erdian irratia entzuten denean». 150 orrialde inguru hartu dituzten bederatzi testu horien artean aurretik argitaratutakorik ere sartu du -«Vacaciones en Santurtzi» kasu- eta guztiak gaztelaniaz idatzitakoak dira. «Bat edo beste badaukat euskaraz -agertu du-, baina nahiago izan dut euskaraz ala gaztelaniaz argitaratzea, ez bietara». Gaztelaniaz idaztea «erosoagoa» suertatzen zaiola azaldu eta Zarama musika taldean aritu zeneko garaiak ekarri ditu gogora: «Zaramarako egindako hitzak, adibidez, nolabaiteko laguntzaz osatu izan ditut nire gustura, baina, ipuin oso bat euskaraz egiteko orduan erdibidean geratzen naizela iruditzen zait». Hala eta guztiz ere, euskaraz egindako testuak «etorkizunerako gordetzea» erabaki du.

Argitalpena CD batek osatzen du eta, bertan, Mosok irratian egindako saioak agertzen dira. Hautaketarako irizpide nagusia «sormena» izan dela adierazi du: «Irratian denetarik egin dut; elkarrizketak, azken bi asteetan Radio Euskadiko arratsaldetako magazinea (Graffiti) eramaten... baina sormenaren arloan egindakoak hautatu ditut». Bere asmoa «barrea sorraraztea» izan dela agertu eta diskoa «lasai-lasai» entzutekoa dela azaldu du.

Argitalpenarekin gustura, «edonori gomendatzeko moduakoa» dela ziurtatu du Mosok, «ondo pasatzeko, besterik ez bada ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo