GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Amaiera Euskal txirrindulariak

Borrokalari, baina sari txikia lortu dute euskaldunek

Borrokalarienaren saria dakar Amets Txurrukak, lehenengo hamarretan beste bi kide Euskaltelek, eta bosgarren lekua taldeka. Etapa garaipenik ez, zoritxarrez

p040_f01_250x140.jpg

Arnaitz GORRITI | DONOSTIA

Tourra amaitu berri den honetan, irabazle zenbait eta galtzaile gehiago geratu dira, baita euskaldunen artean ere.

Euskal txirrindularitza irabazle izan dela esatea askotxo da. Borrokalari izanagatik, 2003az geroztik etapa garaipenik gabe jarraitzen du. Ez dago galtzaileen artean zertan sartu ere, bigarren postua lortu baitute txirrindulari euskaldunek etapa pare batean, eta lehenengo hamarren artean bi lagun sartu baitituzte. Orotara, hiru asteotan egindako borrokaren ostean, sari txikia eskuratu dute.

Euskal txirrindularitzak irabazle eta protagonistarik izan badu, Euskaltel-Euskadi multzoa izan da hori. Haimar Zubeldia bosgarren, Mikel Astarloza bederatzigarren, taldeka ere bosgarren... etapa garaipenaren faltan, 2003ko Tour harekin konparatzeko moduko lasterketa egin du talde laranjak. Oro har, Tour hobea izanen litzateke, nahiz eta maillot horiaren jokoan pisurik ez izan talde laranjako kideek.

Euskaltel-Euskadik, ordea, protagonista nagusi bat izan du aurtengo Tourrean: Amets Txurruka. Etxebarrikoak «borrokalarienaren» saria irabazteaz gain, Tourra ia bakarrean eman du, ihes eginda eman baitu bere lehenengo Tourra. Ongi egokitu da bizkaitarra lasterketara. Garapen horrekin jarraituko balu...

Mentalitate berria

Ez da Txurruka, alabaina, talde euskaldunaren «mentalitate berriaren» eredu bakarra. Landaluzek Alpeen sarreran etapa eskura izan zuen; Verdugo ere makina bat ihesalditan sartu da; eta Ruben Perez, berriz, tropelarekin haserretuta ibili da nonbait, 500 kilometro baino gehiago eman baititu handik alde eginda.

Erasokortasun horrek tropel osoaren errekonozimendua eman dio euskal taldeari, aspaldiko lasterketa onena egin baitu. Hala, sekula ikusi gabekoa, Haimar Zubeldia ihesaldi batean sartuta eta erasoan ere ikustea egokitu da. Usurbildarrak, erlojupekoan indarra galdu badu ere, inoiz ez bezalako Tourra egin du, eta ihesaldiei esker eskuratu du bosgarren lekua.

Azkenik, ausardiaz gainezka ibili delako aipatu behar da Mikel Astarloza. Etapa garaipena buruan hartuta ibili bada ere, etaparik gabe, baina bederatzigarren postuan amaitu du Tourra pasaitarrak. Azken egunak, Aubisqueko etapatik hasita, oso luze egin zaizkio, baina meritu handiko itzulia eginda itzuliko da etxera.

Beste irabazlerik ere izan du euskal txirrindularitzak. Ia nahi gabe, oso maila baxuan ibili baita, baina Egoi Martinez ere irabazleen artean sartu beharrekoa da. Parisa iritsi da Etxarri Aranazkoa, eta han podiumerako bidea erakutsi diote, Discovery Channel izan baita taldekako sailkapenean nagusi.

Horrezaz gain, txirrindulari nafarrak Johan Bruyneleen konfiantza osoa du, bere profesionaltasunaren erakusgarri. Horregatik da irabazle Martinez.

Ez-irabazleak

Euskal txirrindularien beste sorta handi bat, ordea, ezin da irabazleen artean sartu. Hala, Camañok lan handia egin du, Txente Gartziak, Azanzak, Isasik eta Arrietak bezala, baina gehiago ezin zaie eskatu.

Aldiz, Iban Mayo Tignesen onenen pare, eta sailkapenean hirugarren, ikusi zen. Igorreztarraren helburua, ordea, etapa bat irabaztea zen, sailkapena nolabait ahaztuta. Egin duen indar aurrezpena, ordea, ez da nahikoa izan. Hala, Aubisquera bidean Sastrerekin batera joan bazen ere, garaipena lortzen saiatu da bizkaitarra.

Patxi Vila eta Juanma Garate ere antzera ibili dira. Nafarrak Giroko zama eramaten nahiko lan izan du, eta ez da ihesaldi askotan sartu. Irundarra, aldiz, ahalegindu da eta ez du debut txarrik egin Tourrean, baina etapa garaipenik gabe itzuli da.

Azkenik, euskal txirrindularitzaren galtzaileak ere aipatuko dira. Xabier Zandiok iaz lan aparta egin zuen, baina aurten lepauztaia hautsita berehala utzi behar izan zuen lasterketa. Igor Antoni, aldiz, Tourraren beste aurpegia egokitu zaio: sufrimendua, maila eman ezinda ibiltzea... debut petrala izan du bizkaitarrak Tourrean, Vueltan ez bezala. Gazteak dira Zandio eta Anton oraindik, eta iritsiko dira Tour gehiago.

beti ihesean

Borroka eta ausardia izan dira Euskaltel-Euskadiren ezaugarri nabarmenenak aurtengo Tourrean. Hala, Ruben Perezek eta Amets Txurrukak beti ihesean zebiltzala pasatu dute lasterketa, beti borrokan.

garaipenetik urrun

Tignesen Mayorik onenaren itxaropena ikusi zen, baina handik aurrera, nahiz eta Aubisquera bidean Sastrerekin batera alde egin zuen, ezin izan du etaparik eskuratu igorreztarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo