Gamere-Zihigako herritarrek pastoral arrakastatsua eman dute
Eñaut Elizagarai eta Zihiga. Atzo, zuberoako udak girotzen dituen pastoraleko protagonistak horiek izan ziren. 3.500 ikusleren aitzinean iragan zen atzoko emanaldia, eta hurrengo igandean gameren emanen dute, azken aldikoz, junes casenavek idatzitako 2007ko pastorala.
Eneritz ZABALETA
Atzoko arratsaldeko hiru orenak jo berriak ziren, Mauletik Atharratzeko bidea hartu eta eskuinerantz «Zihiga» eta «pastorala» jartzen zuten panelak iraga- tean. Eskuin hartu, eta mendi bide txiki bat azaldu zen, patarra gora eta gora zihoala. Maldan gora lehen 200 metroak egin, eta aitzinean auto ilara luze-luzea, urtearen buruan hain lasai bizi ohi den Zihigako herritxora bidean. Oraindik pastoralaren lekura iritsi ez, eta aurtengoa arrakastatsua izanen zela erran zitekeen tronpatzeko arriskurik gabe. Urtero bezala, funtsean.
Kilometro eta erdi falta zen emanaldiaren karpara iristeko. Patarra gora eta gora, esku-frenoa tira eta lasaitu. Tira, lasaitu. Zulo-zulo, ilaran aitzinatu, eta pastoralaren parkin lana egiten zuen pentzea begi aitzinean, autoz lepo betea. «Honek Herri Urratsen antza dik», aitzineko autoko bikotearen solasaldia. 15.20an, pastorala hastear zen, eta harmailak mukuru beteak ziren. Parkinean lanean ziren laguntzaileak izerditan ziren, autoak ezin sarrarazi; sarrerako langileak, aldiz, irribarretsu: «Harmailek 3.000 ikusle hartzeko lekua dute. Jada bete zaizkigu, eta orain, aulkiak eta bankuak jartzen ari gara. 3.000 baino aise ikusle gehiago izanen dira», erran zigun antolatzaile batek. Azkenean 4.000 inguru bildu ziren Zihigan, Eñaut Elizagarairen omenezko pastoralaz gozatzeko.
15. 30ean tanko hasi zen emanaldia, oraindik maldan gora hamaika auto bidean baldin bazen ere. Azkenak arribatzerako, Nikolas Urruty «Etxeber» kantuan ari zen Eñaut Elizagarairen paperean. Zihigar horrek paper nagusia jokatzeko ardura izan zuen. Ez zuen lan txikia izan, 45 bertso kantatu behar izan baitzituen. Pastorala hasi baino lehen, urduri agertu zen, lan handia baitzuen: «Goizero lanera joan aurretik, nire bertsoak ikasten ditut. Eskolan bezala sentitzen naiz, dena buruz ikasi behar!». Urrutyk pastoral aitzineko kezkak ederki uxatu zituen, poliki moldatu baitzen bere jokoan. Ez du lehen aldia gisa horretako emanaldietan, 2002an bere herriko maskaradan parte hartu baitzuen. Kantari dohainak ederki erakutsi zituen, asteburuetan Zuberoako herrietan kantuz ibiltzen baita Urruty.
Urruty ez zen izan, inondik ere, poliki aritu zen bakarra. Jokalari guztiek fin bete zuten lana, eta batek baino gehiagok kanturako trebezia txalogarriak erakutsi zituen. Haien artean, emakumeak ez ziren gibelean ibili.
79 aktoreak, herritarrak
Lehenago, pastoraletan gizonek baizik ez zuten parte hartzen ahal. Joan den hamabost urteetan, baina, emakumeak onartu zituzten, eta atzo ez ziren gutxi izan kantuan eta jokoan. Jan Pierra Rekalt aktoreen hautuaz eta koordinazioaz arduratzen den errejenta pozik zegoen emakumeen lanarekin. «Emakume paper guztiak emakumeek jokatu dituzte, eta horrekin biziki pozik nago», adierazi zuen. Orain, emakumeek gizonen paper bat edo beste jokatzea bakarrik falta da.
elizagarai itsasgizona
Junes Casenave pastoralaren idazleak ederki asmatu zuen Elizagarairen bizia laburtzen, eta aldi berean, pastoralari erritmoa ematen, «satanen» agerraldiekin eta pastoralean kantatu ziren zazpi kantuekin. Elizagarairen bizi aberatsaz gehiago jakiteko parada eman zuen Casenavek: «Informazio anitz bildu dut pastorala idatzi baino lehen. Nire helburua Elizagarai pertsonaia ahalik eta fidelenen aurkeztea izan da», erran zuen pastoralaren idazleak. Armendaritzen sortutako baxenabartar horrek bizi aberatsa izan zuen. Matematika ikasketen ondotik, Zientzia Akademian sartu zen, Parisen. Bertan, itsas ingeniari lana hasi zuen. Casenavek Elizagarairen itsas ingeniari bizitza eta Luis XIV.a erregearekin zuen harremana kontatu zituen pastoralean. Galiota ontzien diseinua, ontzi horiei esker erregeak aljeriarren eta italiarren aurka irabazi guduak, «Itsasontzien maniobraren teoria» liburua... Eliza- garairen ekintza garrantzitsu guztiak agertzen dira pastoralean. Elizagarai Luis XIV.aren itsas ingeniari buru postura eraman zuten lorpenez gain, Armendaritzekoak itsasoari zion maitasunak leku handia du Casenaveren obran.
gamereren txanda
Atzoko emanaldi arrakastatsua ez zen izan aurtengo pastoralaren azkena. Hurrengo astean, Gamerek, Zihigarekin batera pastoral horretan buru-belarri ibili den herriak, emanaldiaren lekua hartuko du. Hizordua igandean izanen da, 15.30ean, Gamereko herrian. Zihigako arrakasta ikusirik, bildutakoen kopurua atzoko 4.000 ikusleetara hurbiltzeko eta agian handitzeko esperantza dute antolatzaileek. Ikusle horien guztien beharra izanen dute, pastorala antolatzea ez delako merkea, jakinez aurten Zuberoako Pirinioetako bi herrixkek antolatu dutela. Aitzin-kontua 135.000 eurora iritsi da, eta atzoko arrakasta errepikatuz gero, antola- tzaileek ez dute arazorik izanen gastuei aurre egiteko.
Kostuak kostu, hurrengo urterako pastorala zein herritan izanen den jakiteko gero eta gutxiago falta da. Urtero, pasto- ralean bertan erabakitzen dute hurrengo urtekoa zein herrik antolatuko duen. Hautua egiteko, «entxerak» antolatzen dira. «Entxera» horietan, pastorala antolatzeko aukera duten herriak apustuan ibiltzen dira antolatzeko ohorea lortu ahal izateko. Atzo, lehen «entxera» egin zuten, eta bertan, Ezpeize, Sarrikotapea eta Ainharbe herriak pastorala antolatzeko lehian sartu ziren. Hurrengo igandean erabakiko dute nork antolatuko duen 2008ko pastorala.
Iazko «Santa Engrazi» pastorala bezala, aurten ere Junes Casenavek idatzi du Eñaut Elizagarairen omenezko pastorala. Casenaverentzat, pastoral berezia izan da aurtengoa, Gamereko eta Zihigako apaiza delako.
Eñaut Elizagaraik Luis XIV.a frantziar erregearentzat diseinatutako gerra itsasontzi famatuen izenak dira horiek. Elizagarai erregearen itsas ingeniarien buru izan zen; besteren artean, «Itsasontzien maniobrei buruzko teoria» lanari esker.
Atzo Zihigara sekulako jendetza bildu zen pastorala ikusteko. Hasieran harmailek 3.000 ikusle biltzeko lekua soilik izanik ere, azken unean aulki gehiago jarri zituzten antolatzaileek, bertaratutako guztiek esertzeko parada izan zezaten.
Urtero, pastorala jokatzen den lekuan hurrengo urteko edizioa antolatu nahi duten herriak apustuan ibiltzen dira pastorala emateko. Aurten, Sarrikotapea, Ainharbe eta Ezpeize herriak dira hurrengo urtekoa antolatzeko hautagaiak.