GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Tourraren amaiera

Kirol ikuskizun jendetsua euskal zapore ukituarekin

Gipuzkoako txirrindulariak kirol ikuskizuna eta euskaldunen lana nabarmendu ditu eta aldi berean uste du gizakiaren alde ilunak emandako kolpea baino indartsuagoa izan dela zaleen babesa. Goi mailako txirrindularien arteko borroka nahi genuen. Tartean euskaldunak onenen pare izatea. Mendian, erasoak, eta erlojuaren aurka, emozioa. Ase gara, bada. Sufritu ere egin dugu, kirol honek iruzurraren agerraldiak ere izan baititzake. Baina Londresetik Pariserako bide bazterretako irudia da txirrindularitzaren arrakastaren lekuko.

p033_f01_097x260.jpg

Gaizka LASA Karpin-Galicia taldeko txirrindularia

Polita izan da. Horixe da kalean Tourrari buruz esaten dena. Zaleek aurtengoarekin gozatu egin dute, eta hori da kirol honi gerta diezaiokeen onena. Aspaldi ikusi ez genuen ikuskizuna eskaini digute txirrindulariek, eta denen buru ikuskizun handien eman duen izar gazte bat azaldu da: Alberto Contador. Jendeak hainbeste eskatzen zituen erasoak jo ditu mendian zaleen gozamenerako. Baina ez ditu aurkariak zapaldu, ez horixe. Rasmussen lider zegoen bitartean haren pare ibili zen, lehia ikusgarri batean. Eta gainontzekoak ere ez ziren urruti. Hori izan da aurtengo Tourreko xarma nagusietako bat: parekotasuna.

Nagusitasunik eza lehenengo astetik nabaritu genuen esprintetan. Ez zegoen beste guztiak menderatuko zituen talderik, ezta gizon azkarrik. Eta horrek bukaera politak eragin zituen. Mendia hasi zenean nagusi gabe jarraitu genuen, eta Alpeek mugimendu sorta zabala utzi ziguten. Moreau, Mayo, Valverde, Contador, Evans edo Rasmussen bezalako gizon indartsuak elkarri mokoka ikusteak Tourra inoiz baino erakargarriagoa bihurtu zuen. Eta Euskaltel-Euskadi taldekoen jarrera eta maila bikainak interes gehigarria piztu zuen. Pirinioetan ikuskizuna iritsi zen, eta sailkapena argitzen joan zen. Baina txirrindularien jarrera, beste behin, txalotzekoa izan zen. Hasieratik sortzen ziren ihesaldietan gizon garrantzitsuak sartzen saiatu ziren; Valverde, Sastre, Zubeldia edo Vinokurov esaterako. Eta horrek lasterketa bizitu eta animatzen zuen. Kontuan izan behar da, hain maila handiko hainbeste txirrindulariren artean eraso eta mugimendu hauek ikustea oso dela zaila. Eta gauza jakina da hiru asteko lasterketan gehien gordetzen duenak dituela aukera gehien azkenean. Bada, hala eta guztiz, ikuskizuna eskaini digute txirrindulariek. Eta eskertzekoa da.

Kapitulu batzuk itsusiak izan dira, hori ezin ukatu. Baina zikina ezkutatzea are eta itsusiagoa izango litzateke. Bizi ditugun kasu potolo horiekin argi geratu beharko luke kirol honek garbitasunaren bidetik jo duela batetik, eta bide horretatik ateratzea zaila bezain arriskutsua gertatzen dela, bestetik. Zikina garbia dagoen tokian bakarrik antzematen da. Eta iruzur egiten duenari salatzea bezain garrantzitsua da txirrindularitza orokorrean irudi garbiarekin saltzea, hainbeste errespetu merezi duten eta esfortzua oinarritzat duten kirolari hauek.

Txirrindularitzak munduan duen lasterketarik irrikatuenean euskaldunek izan duten protagonismoa azpimarratzekoa da. Londresko irteeran goi mailako txirrindulariek bakarrik zuten lekua, eta tartean 17 euskaldun izatea bada zerbait. Euskaldunen kopurua esanguratsua da beste herrialdeetako partaidetzarekin alderatzen badugu, eta zer esanik ez herrialde hauen biztanle kopuruekin egiten badugu alderaketa. Maila oso altua izan da. Ihesaldietan ikusi ditugu, etapa garaipena oso gertu izan dute eta nagusian bi sartu dira lehenengo hamarretan. Euskal txirrindularitzaren osasun bikain honek gogoeta bat egitera ere bultza beharko liguke. Izan ere, zer ikusirik izango dute bada itzalean eta afizioa ez beste arrazoirik gabe gure errepideetan hainbeste lasterketa antolatzen dituzten horiek. Gazteek kirol hau egin ahal izateko taldeak sortzen dituzten horiek eta beraiekin lan egiten dutenek. Euskaldun afizionatu edo junior batek ez du urruti joan beharrik maila onean eta maiz lasterketetan aritzeko. Taldeak eta lasterketak etxetik gertu dauzka. Beste alde batetik, antolatzaile zein talde arduradunak ez ezik federazioek ere bere zatia badute arrakasta honetan. Hurbiltasunak ematen didan zilegitasunarekin hitz egin dezaket honi buruz. Bi gipuzkoar izan dira Tourreko lehendabiziko hamarretan: Haimar eta Mikel. Bien bilakaera gertutik jarraitu dute Gipuzkoako Txirrindulari Elkartean, eta gaztetatik heziketa aberatsa jaso dute, beste batzuek jaso dugun moduan, kirol hau maite duten pertsonei esker. Beraien esfortzuak eta mailak eraman ditu gailurrera baina atzetik izan duten laguntza eta babesa goraipatzekoak dira.

Duela egun gutxi nire taldekide batekin izan nuen elkarrizketa euskal txirrindularitzaren osasun onaren adibide bat da. Ordiziako klasikoaren bezperan taldekideak Galiziatik kotxez egindako bideari buruz ari ziren hizketan. Batzuek ondo ezagutzen dute bide hori, hemengo lasterketetara askotan etorri baitira, profesional bezala eta lehendik afizionatuetan. Askotan, gainera, egun batean etorri eta hurrengoan itzultzen direla ikusita hauxe galdetu nion bati: «Honezkero nazkatu egingo zineten hona hainbeste etortzeaz, ezta?» Eta bere erantzuna, zazpi orduko bidaia egin eta gero: «Nazkatu? Gustora aski etortzen gara, motel. Lasterketak behar dira eta hemen asko dituzue zorionez. Nahi genuke guk gehiago ere egongo balira. Txarra ez etorri beharra izango litzateke. Gainera, hemen jendeak txirrindularitza bizi du eta bertako zaleen aurrean korritzea gozamena da». Zorionekoak gara, beraz, hemengo txirrindulariak inguruan dugun afiziogatik, eta zorionekoak hemengo zaleak bertako txirrindularien mailagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo