GARA > Idatzia > Gutunak

Urtzi leginetxe

Kirol Federakundeari, kexa bat

Hona natorkizue, gai batzuei buruz dudan kezka adierazi nahian. Nire kezka nagusia ezartzen diren legeak ezertarako balio ote duten jakitea da. Edota dena interes batzuengatik mugitzen ote den jakitea.

Hau esaten dut, martxoaren 13ko 40/2007 Foru Dekretua (animalia probetan dabiltzan animalien trataera) ez delako aplikatzen bere osotasunean. Hau da, kasu batzuetan betetzen da, baina neure begiekin ikusi dut nola ez dioten jaramonik egin; eta gainera, bertan dekretu horrek esaten duena aplikatzera bultzatu behar duten pertsonak tartean izanda. Hau da, Federakundeak ezarritako epaileek ez diote jaramonik egin dekretu horri. Hori guztia gutxi balitz, gero eta gehiago entzuten da beste leku batzuetan ere gauza bera pasatzen ari dela.

Gehiago oraindik, berriki zabaltzen ari den zurrumurru bat: lege hori dela-eta, arau batzuk egingo dituztela federaziokoek, eta horien bidez Foru Dekretu hori ezerezean geratuko da. Nik uste dut Foru Aldundia Herri Kirol Federakundearen gainetik dagoela eta, beraz, Aldundiak ezarritako arauak bete egin behar direla. Epaileak aritzen badira, beren lana legea betearaztea da, horretarako ordaintzen zaie-eta.

Hori guztia kontuan izanda, dena argi geratzea nahi nuke, neu ere idi bikoteak izanda eta proban aritzeaz gain, legea betetzea gustatuko litzaidake, inongo koakzio eta nahasmen gabe.

Lehenago ere idatzi izan dut antzeko gai batengatik eta ez dut erantzunik jaso, bost axola jendeak zer esaten duen? Legeak ezartzen duena betetzearen aldekoak direnak «gixajoak» al gara? Iskanbila sortzen duten horiek guk baino arreta handiagoa merezi dute? Herri kirol garbiak nahi ditugu, legeak beteta eta jendea gustura gera dadin, eta ez animalia gehiegi gaztigatzen delako horren kontra egotea jendea.

Mesedez, konpon ezazue nahaste hau eta, behar balitz, erabil itzazue bitartekoak, Aldizkari Ofizialetan-eta argitaratzen denarekin gutxi batzuk enteratzen dira. Herri kirola bultzatu nahi bada berarekin garbi jokatu beharko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo