GARA > Idatzia > Gutunak

tomas anjel gonzalez zabalbeitia Abanto

Gazteak eta tabakoa

Urtetik urtera hedabide zein erakunde guztietatik atzekoz aurrera eta aurrekoz atzera tabakoaren kalteei buruz jaso dugun informazioak jende asko kezkatu du, askotan praktika hori, erretzearena, utzi arte.

Hala ere, gizarte honen zati handi eta garrantzitsu batek, gazteek hain zuzen, ez dute hartu arriskuaren seinalea eta kopuru handian erretzeari ekin diote, jakitun izanik gainera, oso kaltegarria izan daitekeela eta osasun arazoak baino ez dakartzala. Badirudi tabakoak, garestia izan arren, halako erakarpen handia duela beraien artean, txundidura sortuta inondik inora nolako droga den ezbaian jarri gabe.

Dena dela, pentsa genezake gazteei, oro har, tabakoaren pozoia bost axola zaiela oso urrun ikusten dutelako ager daitekeen kalte suntsigarria. Horrez gain, azalpenak bilatzeari ekitearren kontuan hartu behar da gazteek arriskuaren aurrean autosuntsitzerako duten makurdura bazter ezina. Are gehiago oraindik, horri buruz nagusiek esan dezaketenak ez du ezertarako balio, kontrako norabidea hartzeko ez bada. Esan gabe doa axolagabekeria handia erakusten dutela eta, hala, liluragarria eta sofistikatua iruditzen zaiela tabakoa.

Esanak esan, behin baino gehiagotan ikerlari batzuek pentsatu dute gurasoen portaerak zer ikusirik izan dezakeela geroago seme-alabak erretzaile izan daitezen. Gaur egun, berriz, ematen du hori oso eztabaidagarria izan daitekeela, eraginik sakonena taldearengandik datorrela argudiatu baitute. Gainera dezakegu, halaber, gazteek, nondik edo handik, erretzea bere askatasunaren adierazpentzat jotzen dutela. Alabaina, tamalez, nik esango nuke orain arte tabakoaren aurka erabilitako bitartekoek ez dutela erdietsi inolako arrakastarik, behin eta berriro saiatu arren.

Zorionez, agi denez edo behintzat estatistikek diotenaren arabera, tabakoarekin harremana izan dutenen artean guztiak ez dira gero erretzaile bilakatu eta droga horrek sor dezakeen lilura eta laketari muzin egiten diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo