2008ko Herri Urratseko logoa aukeratzeko lehiaketa antolatu dute
GARA |
Datorren urteko Herri Urrats antolatzen hasiak dira. Deialdi goiztiarra badirudi ere, hamaika eginbehar izaten da horrelako festa bat prestatzeko, eta lehenetarikoa logoa asmatzea da.
Azken urteotako joerari jarraiki, Seaskako ikastolen festaren antolatzaileek deialdi irekia egin dute parte hartu nahi duen orok bere proposamena egin dezan.
Sorkuntzak, halere, baldintza jakin batzuk bete behar ditu: data (maiatzaren 11), tokia (Senpere), leloa («Mende laurdena, bide erdia...») eta hainbat euskarritan (agenda, afixak, jantziak, txartelak...) erabiltzeko modukoa izan behar du. Gainera, heldu den urtekoa 25. Herri Urrats izanen da.
300 euroko saria
Proposamenak fitxategi digitalean igorri beharko dira Herri Urratseko bulegora (Z.I. Pontôts, 64100 Baiona), logoaren azalpen labur batekin batera, irailaren 17a baino lehen.
Irabazleak 300 euroko saria eskuratzeko aukera izango du.