GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | BAIONAKO FESTEN ABIATZEA

Aurtengo Baionako festak giro nahasian hasiko dira

Baionako jaietarako prestatzen hasi da hiri osoa. Festen irekitzearen aurretik, Baiona Handia deitu alde zaharreko karrikak merkatu erraldoi bihurtzen dira. Tokiko ekoizpenetatik hasi, eta mundu zabaleko moda jantzietaraino, adin guztietako eta inguru guztietako bezeroak pozteko adina eskaintza dago.

p016_f01.jpg

Eneritz ZABALETA

Baiona festetarako prestatzen ari da. Giroa puri-purian dago astea hasi zenetik. Baiona Ttipiko karrikak, kale-taberna erraldoi bilakatzen ari dira. Bertako ostatu guztiak kaleko barrak eta megafoniak jartzen, godaletak eta mota guztietako botilak deskargatzen, alkoholdun eta alkoholik gabeko edarien erreserbak egiten... ari dira. Baiona Handiko auzoan, berriz, atzo hasi zen festen bezperan urtero antolatu ohi den «braderia». Braderiaren karietara, Baiona Handiko karrikak, mota guztietako produktuak saltzen dituzten merkatariz betetzen dira, hiria atari zabaleko merkatu erraldoi bilakatuta. Gaur, braderiaren azken eguna izanen da, eta karriketan giro polita izanen da oraindik, 22.00etan, herriko etxeko balkoietik, Leon Erregeak hiriko gakoak jalgi eta festak ofiziaki irekiko diren arte.

Aurtengo braderiaren lehen eguna, biziki arrakastatsua izan da. Bertan, hirian urtean zehar egon ohi diren dendek mahaiak ezartzen dituzte kanpoan, urteko saldu gabekoak saltzeko. Baina, braderiaren bihotza, karriketan ezartzen diren merkatari ibiltarien mahai eta karpak dira. Merkatariak, estatutik eta, oro har, mundu zabaletik jiten dira. Baina ez da Euskal Herriko ekoizlerik falta. Horrela, tokiko labore ekoizpenak saltzen dituen artisau bat baino gehiago ikusteko parada dago. Baserriko sagardoa, sagar ozpina, Ezpeletako piperra... Baita esku lan eta beste mozkinak ere.

Nazioarteko produktuei dagokionez, aurtengoan herrialde urrunetako arropek zabalpen handia izan dute. Hala ere, urtero legez, aurtengo produktu izarra, bestazaleek beharrezkoak dituzten ator, galtza zuri, eta lepoko gorriak dira.

Euskararen mezua

Braderiak gaur jarraituko badu ere, asteazkeneko izarra festen abiatze ekitaldia izanen da. 22.00etan, Baionako herriko etxeko balkoitik, festak ofizialki hasiko dira. Irekitzean, herriko gakoen botatzeko, pertsonaia ospetsuak gonbidatu ohi ditu Jean Grenet auzapezak. Aurten ere, hala izanen da. Baina, azken unea arte, pertsonaia horien izena ezkutuan gordetzen du Grenetek. Ziurra da, ordea, ostegunean kontzertua emanen duen Yannick Noahren, Baionako errugbi taldeko Richard Dourthe jokalariaren, eta Patxi Iriart bertsolari gaztearen presentzia.

Azken horren bertsoa festen abiatze ekitaldiko euskarazko jardun bakarra izanen da. Hori dela-eta, Iriart aldi berean pozik eta triste dago: «Nire bertsoa izanen da euskaraz eginen den ekitaldi bakarra. Denek dakigu zein egoeran dagoen euskara Baionan. Alde batetik, bertso bakarra kantatzea sinbolikoa da baina, bestetik, euskara ordezkatuko dudala jakiteak pozten nau», esan du. Bertso bakarra kantatzeko aukera izanik ere, bertso horretan mezuren bat igortzeko asmoa duela argitu digu Iriartek: «Mezu bat izanen du bertsoak, baina bihar (gaur) ikusiko duzue zein izanen den». Gaur 22.00ak arte zain egon beharko. Bertan egonen ez denak, irrati bidez bertsoa entzuteko parada izanen du, Euskal Irratiek eta Euskadi Irratiak zuzenean emanen baitute irekitzea.

Festen abiatze ofiziala, baina, ez da gaurko prestatuta dagoen ekitaldi bakarra. Festetan lehen aldiz, Angeluko hondartzetatik abiatu eta Baionara iritsi bitartean, paddleboard gaineko desfilea iraganen da, 10.00etatik goiti.

Salaketa anitz

Aurten ere, Baionako festen atarikoa polemikarako eta hainbat salaketarako garaia izan da. Lehen aldiz, zezenketen kontrako FLAC taldeak, larunbatean elkarretaratzea eginen du, Baionako festetan zezenketek eta behi lasterraldiek duten protagonismoa salatzeko. Izan ere, Baionako festetan egunero ospatzen dituzte zezenketak zezen-plazan. Horrez gain, behi lasterraldiak ere egunero antolatzen dituzte Baiona Ttipiko San Andres plazan, eta bertan behiek hainbat gehiegikeria jasan behar izaten dituzte.

Zezenketez gain, joan den astean, festen inguruko segurtasun neurriek eta bortxaketen aurkako prebentzio kanpainako moduek ere zeresana eman zuten. Horrela, pebentzio kanpainari dagokionez, bortxaketak eta bestelako arriskuak saihesteko «janzkera egokia» erabiltzeko aholkua ematen da, beste aholku batzuen artean. Horren aitzinean, Bilgune Feministak bortxaketen ardura emazteen gainean jarri izana salatu du: «(emazteak) erasoak sufritzen dituztenak dira, ez sortzen dituztenak». Kanpainaren diseinuan, herriko emazte taldeen iritziak eta ekarpenak kontuan ez hartu izana ere deitoratzen du Bilgune Feministak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo