GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroan gobernu aldaketak eraldaketa politikoa eskatzen duela dio ezker abertzaleak

Miguel Sanzek astelehenean aurkeztutako dekalogoak zeresana eman du. Ezker abertzalearen ustez, itun horrek nafarren hitzaren eta erabakiaren ukazioan du oinarria eta, hortaz, aldaketa politikoa galdegin du.

p012_f01_423x514.jpg

GARA IRUÑEA|

UPNk PSNren sostengua eskuratzearekin batera, Carlos Chiviteren alderdiak bizi duen egoerari probetxua bilatu asmoz, hamar konpromiso biltzen dituen proposamena aurkeztu zuen astelehenean. Bertan, besteak beste, EAErekin organo komunik edo izaera exekutiboko erakunderik ez sortzea edota Euskararen Legea bere horretan mantentzea galdegiten zen.

Ezker abertzaleak, ordea, ozen adierazi du Nafarroak gobernu aldaketa ezinbestekoa duela, baina aldaketa politikorik gabeko aldaketari ezinezko deritzo.

Sanzek aurkeztutako ituna, nafarren «hitzaren eta erabakiaren ukazioan» oinarritzen dela ere adierazi zuen. Gainera, UPNren eta PSNren arteko balizko akordio batek «ezer ez aldatzea» ekarriko duela salatu zuen komunikabideei igorritako prentsa oharrean. Haren ustez, markoaren ukiezintasuna eta euskararen estatusa ez aldatzea biltzen dira Sanzen dekalogoan.

Ildo horretan, ezker independentistaren aburuz, nafarren interesen gainetik, Madrilek erabakitzen du Nafarroaren geroa.

PSN eta Nafarroa Bai sinatzekotan egon ziren akordioaren inguruan ere mintzatu zen ezker abertzalea. Haren ustez, akordio horren muinean, Sanzen dekalogoan bezalaxe, euskararen egoeraren mantenua eta lurralde banaketa zeuden.

Hori guztia dela-eta, ezker abertzaleak ezinbestekotzat jo du Nafarroan aldaketa politikoa gauzatzea. Era berean, hauteskundeen eta agertoki demokratiko baten beharra jarri zituen mahai gainean, ilegalizazioak eta Alderdien Legea «bazterrean utzita», gaineratu zuen.

Ezker abertzaleak egin bezala, bestelako alderdiak ere Nafarroak bizi duen egoeraren inguruan mintzatu ziren atzo. PSEko legebiltzar taldeko eledun Jose Antonio Pastorrek, adibidez, «PSNren lekuan egonda, aldaketaren aldeko hautua» egingo lukeela adierazi zuen.

Haren aburuz, aldaketarako baldintza egokiak zeuden Nafarroan. Gainera, herritarren gehiengoak aldaketa aldarrikatzen duela ekarri zuen gogora.

PSNren militantziaren eta Nafarroako gizartearen baitan «ondoeza» dagoela aitortu zuen. Horiek hala, PSNk hartutako jarrera azaltzeko «ahalegin bereziak» egin beharko dituztela nabarmendu zuen.

EBko koordinatzaile orokor Javier Madrazok «PSNren barnean matxinada» egitearen alde agertu zen. Nafarroan «Estatu espainoleko hauteskunde interesak» gailendu direla uste du eta «deitoragarritzat» jo zuen Chiviteren alderdiaren jarrera.

Hala ere, baikor agertu zen Madrazo, oraindik ere, PSN gizartearen nahiekin bat egiteko denbora dagoela uste baitu.

hauteskundeak

Chiviteren alderdiak Sanzek astelehenean mahai gainean jarritako hamar baldintzak onartu ezean, «aukera zentzudunena» herritarrak berriz ere hautestontzietara eramatea litzateke PPren aburuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo