GARA > Idatzia > Arrauna

Euskadiko Txapelketa

Urdaibai, ontzi bizkaitarren aldarri

Bermeotarrek nagusitasunez irabazi zuten Donibane Lohizunen eta orain artean gipuzkoarrena zen titulua bereganatu dute

p038_f01_199x124.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Urdaibai da Euskadiko txapeldun berria. Bermeotarrek beste erakustaldi bikain bat eman zuten Donibane Lohizuneko badian eta nagusitasun handiz hartu zuten mendean Orio, bigarren sailkatua. 1985ean lehiaketa ofizial egin zutenetik, ontzi bizkaitar batek Euskadiko txapela irabazten duen lehen aldia izan da aurtengoa. Bai Urdaibaik eta bai Oriok abuztuaren 11n eta 12an Pedreñan jokatuko den Espainiako Traineru Txapelketan hartuko dute parte.

Bermeoko Bou Bizkaia ontzia ohorezko txandan aritu zen Oriorekin eta Kaikurekin batera -Zarautzek uko egin zion parte hartzeari-. Urdaibaik eta Oriok lehia ederra izan zuten lehen luzean eta aurreneko ziabogan aldeak oso txikiak ziren. Bizkaitarrek ez zuten Hondarribiak lehen txandan jarritako denbora hobetzerik lortu, eta Orio zein Zumaia ere bi segundoren barruan zebiltzan.

Beste behin, ordea, barrurako lanetan bikain moldatu ziren bermeotarrak eta bigarren ziabogarako aldeak handi samarrak ziren: sei segundo Oriori, hamar Hondarribiari eta ia hogei Zumaiari. Asier Zurinaga patroiak estropada amaieran aipatzen zuen modura, arraunlariak «hazita» zeuden eta azken bi luzeetan atzerapena pilatu baino ez zuten egin beste ontziek.

Arraunketa hartzea pixka bat kostatu zitzaien arren, Urdaibai puntu-puntuan dago eta azken zazpi egunetan hiru bandera irabazi ditu: Bizkaiko Txapelketa, Castroko Flaviobriga Bandera eta Euskadiko Txapelketa. Gainera, San Miguel Ligako liderra ere bada. Orain, eta arraunlari askori grazia handiegirik egiten ez badio ere, Espainiako Txapelketan parte hartzeko aukera dute eta hura irabazteko ere faboritoen artean egongo dira.

Beste ontziei dagokienez, bi lehia nabarmendu behar dira. Batetik, Oriok eta Hondarribiak bigarren postua lortzearren izan zutena. Txanda ezberdinetan arraun egin arren, denbora antzekoetan ibili ziren biak, baina azkenean zuten aldeari ongi eutsi zioten oriotarrek eta zilarrezko dominak lortu zituzten.

Bestetik, lehen txandan Isuntzak eta Zumaiak izandako lehia ederra nabarmenduko genuke. Zumaiarrak pare bat segundo aurretik ibili ziren ia estropada guztian, baina azkenean lekeitiarrek aurrea hartu zieten zumaiarrei eta Euskadiko Federazioak laugarren sailkatuari ematen dion sari berezia eskuratu zuten. Lorpen polita KAE Ligan dabilen, eta aurten igotzeko aukerarik ia ez duen, ontzi historikoarentzat.

Azken bi postuak Kaikurentzat eta Ondarroarentzat izan ziren. Biek bakarka egin behar izan zuten estropada guztia -ulergarriagoa da Sestaokoen kasuan- eta ez zuten aurrekoei ezustekoren bat emateko aukera handirik izan.

Bizi duten egoerarekin «umiliatuta» sentitzen direla salatu zuten Zarauzko arraunlariek

Zarauzko arraunlariek ohar labur bat irakurri zuten hedabideen aurrean Euskadiko Txapelketan parte ez hartzearen arrazoiak azaltzeko. Arraunlarien hitzetan «umiliaturik» sentitzen dira bizi duten egoerarekin eta «elkartearen etorkizuna kolokan dagoela ikusirik» ez dira «maila honetan lehiatzeko gai». Bizi duten egoeraren berri eman zuten. «Duela 11 urtetik gutxieneko baldintzarik betetzen ez duen egoitza batean ari gara gure lan saioak egiten. Ez dugu ez argi indarrik, ez ur berorik, mutilak uretaratzeko irteera arriskutsua da eta eraikinaren egoera, negargarria», aipatu zuten. «Lokal berri baten esperantzarekin» lanean jarraitu dutela esan zuten, baina «baliabideak medio» kontua luzatu egin daitekeela. Gaineratu zutenez, Orioko Udalak, Jon Redondo alkate dela, egoitzarako sarreran «hormigoizko hesi bat eta pibote batzuk» jarri zituen joan den asteazkenean. Horrek trainerua lokalean sartzeko maniobrak eragotzi eta N-634 errepidea ixtera behartzen ditu. Horregatik, «gu eta errepidean dabiltzanak arriskuan» jartzen dituztela esan zuten eta egoerak lokala uztera «behartu» dituela. Egoerari «buelta eman» eta «aurrera egiten» saiatuko direla nabarmendu zuten zaleei zor dieten begiruneagatik eta instalazioak uzteko prest izan diren taldeei «eskerrak» eman zizkieten.

A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo