GARA > Idatzia > Pilota

ZESTA PUNTA Urrezko Eskularruaren aurkezpena berezkoak

Pilotari onenak nor baino nor ikusteko aukera bikaina gaurtik aurrera Biarritzen

Alberdi II-Enbil, Goikoetxea-Elizegi, Bereikua-Lopez eta Garcia-Irastortza izango dira serie-buruak hamabi bikotek osatutako lehiaketa ikusgarrian

p039_f01_148x104.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Maila goreneko hamabi bikotek hartuko dute parte gaur hasi eta datorren abuztuaren 22an amaituko den Urrezko Eskularrua txapelketan. Zamora-Journade, Sorozabal-Exposito, Beaskoetxea-Barrondo, Foronda-Pradera, Erkiaga-Goitia, Zen-Arriaga, Arrieta-Felix, Hormaetxea-Aritz, Alberdi II-Enbil, Goikoetxea-Elizegi, Bereikua-Lopez eta Garcia-Irastortza arituko dira nor baino nor sari garrantzitsuaren bila.

Lehiaketa mailakatua izango da eta serie-buruak maila ezberdinetan banatuta egon dira. Lehen kanporaketa Zamora-Journade eta Sorozabal-Exposito bikoteek jokatuko dute gaur (22.15) eta irabazleak 25 tantora kiniela bat jokatu beharko du datorren larunbat arratsean Beaskoetxea-Barrondo eta Foronda-Pradera bikoteekin.

Kiniela horretako irabazleak, Erkiaga-Goitiaren aurka jokatu beharko du abuztuaren 6an final-hamaseirenetan. Eta sailkapena lortzen duenak, Hormaetxea eta Aritzen aurka neurtu beharko ditu indarrak final-zortzirenetako bigarren norgehiagokan, abuztuaren 11n. Aurrez, abuztuaren 8an, Zen-Arriaga eta Arrieta-Felixen artean erabakiko da beste sailkatua.

Final-laurdenetan zain dauden bi serie-buruak Alberdi II-Enbil eta Goikoetxea-Elizegi bikoteak dira. Aurrenekoek abuztuaren 8ko irabazleen aurka jokatuko dute eta besteek abuztuaren 11ko irabazleen kontra. Final-laurdenetako bi partidak abuztuaren 13an eta 16an jokatuko dituzte.

Koadroa osatzeko, finalerdietan Bereikua-Lopez eta Garcia-Irastortza sartuko dira, abuztuaren 18an eta 20an, hurrenez hurren. Azkenik, final nagusia abuztuaren 22rako dago aurrez ikusia. Biarritzeko Agilera Jai Alai pilotalekuan, 22.15etik aurrera.

Beste partida guztiak ere Biarritzeko Agilera Jai Alai pilotalekuan jokatuko dira astelehen, asteazken eta larunbat gauetan. Hori bai, abuztuaren 15eko jaialdia ostegunera, abuztuaren 16ra, atzeratu behar izan dute. Jaialdi guztiak 22.15ean hasiko dira, azken orduko aldaketarik ezean, behintzat.

Berritasunak

Argi dago, Urrezko Eskularru honen erakargarritasunik handiena enpresa ezberdinetako pilotariak elkarren aurka jokatzen ikustean dagoela. Enpresen arteko gorabeherak medio, denboraldian ez dugu izaten puntista on guztiak nahasian jokatzen ikusteko aukera, zoritxarrez, eta Biarrizkoa aukera paregabea izango da horretarako, zalantzarik gabe.

Horrez gain, pilotari batzuk oso gertutik jarraitu beharko ditugu. Batetik, Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra. Buruz Buru zein Binaka egungo txapelduna denak -lau aldiz irabazi ditu aipatu txapelketak, bikoteka denak segidan- atzo iritsi zen Euskal Herrira eta, ostiral honetan lehen partida jokatu eta gero, Biarritzen Elizegi izango du lagun atzelari moduan. Beaskoetxea ere Europara iritsi berria da. Aurrelariak, gainera, Urrezko Eskularruan egingo du bere debuta Euskal Herrian.

Beste «oilarren» artean, benetan nabarmentzekoa Bereikua eta Lopezek osa dezaketen bikotea. Batek aurrean eta besteak atzean duen maila kontuan hartuta, lehiaketa irabazteko faboritoen artean sartu behar ditugu. Horiekin batera, Garcia eta Irastortza, iazko txapeldunak. Aurrelariak etxean jokatuko du eta, afizionatua izan arren, goi-mailako pilotaria da. 1998an, esaterako, Munduko Txapelketetan garaile izan ziren Eric afizionatua zenean.

Atzo egin zen aurkezpen ekitaldian zenbait puntista egon ziren, Gotzon Enbil horien artean. Iaz finalean Julen Bereikuarekin batera galdu eta gero, aurten Luis Mari Alberdirekin lan ona egiteko gogoa azaldu zuen eta, orkatila oraindik handituta duen arren, konfiantza hartzen doala aipatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo